Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Alderdien hitzartzeak

EH Bildu. «Herri akordioak behar dira, ez alderdienak»

Larrionek azpimarratu du gobernua ahula dela eta haiek saiatuko direla beste gehiengo batzuk osatzen, EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Herri akordioak» behar direla, garaia dela horretarako, eta ez eserlekuei begirakoak egiteko, Miren Larrionen ustez, EAJk eta PSE-EEk egin duten moduan. «Gobernua ez da ez eraginkorra izango, ezta egonkorra ere», ohartarazi du EH Bilduren bozeramaileak, eta azaldu du koalizio subiranista saiatuko dela legegintzaldian zehar beste gehiengo batzuk osatzen; EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin, bereziki.

Bigarrenei ere leporatu die Eusko Jaurlaritzako osaketari begirako negoziazioetan «herritarren interesak» beharrean alderdiarenarenak lehenestea. Dena den, elkar ulertzeko «arlo eta momentu asko» izango dituztela nabarmendu du. Harreman horiek «kalera» eraman behar direla azpimarratu du, «errealiatea kalean aldatzen delako».

Jeltzaleei ere eskua luzatu arren, Larrionek gogor kritikatu du Urkulluren hitzaldia. Salatu du «zor eta murrizketa gehiago» iragarri dituela, eta autokritikarik ez duela egin. Eredu argirik ez izatea egotzi dio. «Europako herrialde garatuenetatik geroz eta urrutiago gaude, eta Espainiatik geroz eta gertuago».

Benetako politika industrial baten falta sumatu du Urkulluren hitzaldian, eta «neoliberalismoak» ezarritako arauen menpe aritzea egotzi dio. Euskal Herritik kanpo adostu eta ezarritako «muga denak» onartzea leporatu dio, eta burujabetza gehiago aldarrikatu du: «Guk uste dugu herri honek lor dezakeela merezi duena, eta horretarako herritarrei entzun behar zaiela».

Larrionek Urkulluri aurpegiratu dio erabakitzeko eskubidea albo batera uztea, nahiz eta, haren ustez, irailaren 25eko hauteskundeetan boto eman zuen gehiengoak eskaera argia egin horren inguruan. «Beste fase batean gaude, baina EAJk aurkako bidea egin du: estatu izatea eskatzetik Espainiako eskualde izatea eskatzera igaro da». Dena den, alor horretan jeltzaleekin bereziki adostasunak lortzeko borondatea agertu du. «Abiapuntu ezberdina dugu; gurea Euskal Herria da, zuena Madril. Baina akordiotara hel gaitezke».

Baita bakegintzan ere. Larrionentzat, «hainbat aurrerapauso» daude EAJ eta PSE-EEren arteko akordioan. EH Bildukoarentzat «positiboa» da bi alderdi horiek eskatzea presoen urruntzea eta sakabanaketa amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.