Genero bortizkeriaren kostuaren %3 baliatzen da prebentzioan Europan

Andreen aurkako indarkeriak urtean 225.800 milioi euroko kostua du Europako Batasunean, EIGEren arabera.

Justiziarako erabiltzen da diru gehiena, eta, ondotik, osasun zein gizarte zerbitzuetarako
Indarkeriari buruzko hitzaldi bat, Gasteizko Irakasle Eskolan.
Indarkeriari buruzko hitzaldi bat, Gasteizko Irakasle Eskolan. R. BOGAJO / ARP

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko abenduak 31
Emakumeen aurkako indarkeriak ez die pairatzen duten andreei soilik eragiten: zeharka ere baditu ondorio ezkorrak; gizarte osoa hunkitzen duten kalteak. Ugariak dira ukitzen dituen alorrak, eta horietako bat kostu ekonomikoa da. Hainbat erakunde eta talde feministak jada ohartarazia zuten hori, baina orain arte gutxi izan dira gaiaren inguruan bildutako datuak. Are gutxiago Europa osokoak.

Genero Berdintasunerako Europako Institutuak (EIGE), ordea, ikerketa baten bidez azaleratu ditu Europako Batasunean (EB) emakumeen aurkako bortizkeriak sortzen dituen diru galerak, eta, kalkulatu duenez, urtean 109.000 milioi euro da bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurka erabilitako indarkeriarengatik sortutako gastua, EBko 28 herrialdeak aintzat harturik. Kopuru hori handitu egiten da generoarengatik izaten diren bertzelako indarkeria motak gehituta: 225.800 milioi euro inguru urtean. Bertzelako datu batzuk ere eman ditu, baina, EIGEk; konparazio baterako, genero bortizkeriak sortzen duen gastuaren %3 soilik baliatzen dela indarkeriaren aurkako prebentziorako EBn.

Erresuma Batuan eginiko azterketa batean oinarritu da EIGE datu horiek emateko. Izan ere, han kalkulatu du genero indarkeriaren eragin ekonomikoa zein den zehazki, eta, ondotik, zenbakiak EBko gainontzeko herrialdeetara estrapolatu ditu. Emakumeen aurkako indarkeriak, oro har, pertsonei eta gizarteari kalte handia eragiten diela nabarmendu dute, eta kostu horri balio gutxi ematen zaiola salatu du Virginija Langbakk EIGEko zuzendariak. Egoera larria dela ikusita, mobilizatzera deitu ditu gizon-emazteak: «Emaitzek berehalako ekintza koordinatuak egitea eskatzen dute, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz joan gaitezen».

Datuak biltzeko zailtasuna

Emakumeen aurkako indarkeriak sortutako kostu ekonomikoa neurtzeko, arlo ugari ikertu ditu EIGEk: osasuna, kostu pertsonala, sortu gabe gelditzen den aberastasuna, gizarte zerbitzuak... Horien artean gehien nabarmendu dena justiziaren alorra izan da, gasturik handiena sortzen baitu, eta, horren ondotik, osasun eta gizarte zerbitzuek.

Hala ere, ezin izan dute datu zehatzik eman, herrialde batetik bertzera alde handia baitago genero indarkeriaren inguruko legeei dagokienez. Oztopo hori antzekoa da, dena den, bertze esparruetan ere, eta EIGEk salatu du ez dagoela bortizkeriaren eragina modu egoki eta eraginkorrean neurtzeko baliabiderik. Hain zuzen, estatu bakoitzak bere irizpideak ditu neurtzeko, eta horietako batzuetan, gainera, ez da aintzat hartzen bortizkeriaren kostu ekonomikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna