Koronabirusa

Hartu gabe diren 57.000 zitak betetzera deitu du Jaurlaritzak

Osakidetzak birusaren 23 agerraldiren berri eman du, eta zailtzat jo du haien arrastoari segitzea. Hegoaldean, beste 879 positibo

COVID-19aren kontrako txertoaren dosi bat. JM GARCIA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jose Luis Quintasek txertatzeko ordua eskatzera deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak. Izan ere, eta Osasun sailburu Gotzone Sagarduik joan den astean aurreratu zuenez, egutegian hutsuneak daude oraindik, hau da, txertoa jasotzeko hainbat ordu dira eskuragai baina inork eskatu gabeak. Hala, Quintasek zehaztu du irailaren 6ra bitarte 57.000 zita baino gehiago direla libre. «Txertoa har ezazue; zuengatik, eta zuen inguruagatik», adierazi du.

Halaber, izurritea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den bilakaerari buruzko xehetasun gehiagoren berri ere eman du Quintasek. Hain zuzen, kutsatzeei buruzko informazioa plazaratzearekin batera, sailburuordeak jakinarazi du Osakidetzak 23 agerraldi atzeman dituela azken egunotan. Azaldu duenez, zaila da atzeman diren agerraldi horien sorburuak zein diren zehaztea, jatorriak «askotarikoak» baitira. Dena dela, sailburuordeak iradoki du horietako kasu batzuetan ez dela behar bezala jokatu: «Agerraldi horietako asko aise eragotz zitezkeen segurtasun neurriak hartu izan balira».

Zehazki, berriki detektatutako 23 agerraldi horietako sei enpresetan gertatu dira; bi, udalekuetan; lau agerraldi, berriz, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo egindako udalekuetatik eratorritakoak dira. Gainera, beste bi agerraldi ezkontza ospakizunetan detektatu dituzte, eta beste zazpi, zahar etxeetan. Azken horiei dagokienez, egunotako datuek kezka piztu dute atzera ere: Bizkaiko Aldundiak jakinarazi du COVID-19arekin eri ziren bi egoiliar hil direla azken egunetan. Emandako informazioaren arabera, hil diren bi pertsonek beste patologia batzuk ere bazituzten birusarekin kutsatu aurretik. Bi heriotza horiek kontuan izanda, Hegoaldean guztira zortzi egoiliar zendu dira gaitzarekin abuztuaren 1etik. Konparaziora, martxoaren 1etik uztail bukaera bitartean lau heriotza izan ziren.

Kutsatzeetan, leuntze arina

Pandemiak Hego Euskal Herrian duen joerari dagokionez,Osakidetzak eta Osasunbideak 9.216 proba egin zituzten herenegun COVID-19a atzemateko, eta horien guztien %9,5ek eman zuten positibo: beste 879 kutsatu zenbatu zituzten, alegia. Hala, egun bakarrean detektatutako kasu kopurua bigarren egunez izan zen milatik beherakoa. Bizkaian 393 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 193; Nafarroan, 191, eta Araban 87.

Hala, Nafarroaren egoeran sakonduta, herrialdeak hirugarren egunez jarraian erregistratu du 200dik behitiko kopurua. Bilakaerari buruz, Nafarroako presidenteorde Javier Remirezek esan du gobernua «baikor» dela, eta nabarmendu du Nafarroako herritarrak «elkartasun handikoak» direla izurriari dagokionez. Adierazi du kutsatuen kurbak beheranzko joera hartu duela herrialdean, eta ospitaleetako presioa «egonkortze bidean» dela. Halere, ohartarazpena egin du: «Ezin gara erlaxatu».

Halaber, Hego Euskal Herriko erietxeei begira, herenegun 62 gaixo ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagoturik. Horietako sei Nafarroan erietxeratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako bost ZIUetara sartu zituzten zuzenean, larri. Azken datuen arabera, Hegoaldeko zentroetan guztira 445 paziente daude gaitzak jota erietxean. 91 dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.