Albistea entzun

DARWIN ETA GU

'Ondategui' katalanaren atsekabeak

Jose Mari Pastor -

2023ko urtarrilak 14

Euskalduna ote den galdetzen diote askotan. Ezagun zaharrek eta lagun berriek. Bartzelonako herriko udaletxeko lankideek ere azalpen hori eskatzen diote. Nazkatuta dago, bera ez baita euskalduna. Hala ere, beti justifikatu behar du bere burua. Eta kokoteraino dago —tira, neskak leku askoz intimoago bat aipatzen die lagunei noraino dagoen modu grafikoago batez azaltzeko—.

Erantzun bera ematen die bere jatorria hizpide duten pertsonei: hark dakiela, katalana zuen aitona. Ondategui abizena norengandik jaso duen, zehatz-mehatz, ez daki. Aitonaren aitonak eraman zuen Kataluniara? Birraitonaren birraitonak? Egia esan, kontu horrek ez du bereziki kezkatzen. Katalana da, eta ez du harreman berezirik Euskal Herriarekin. Alta, jatorria esplikatzen ibili behar du beti.

Abizena Martínez, Álvarez edo Rodríguez izango balu, ez liokete hain sarri galdetuko nongoa den. Ez lukete Andaluzia edo Murtziako herritartzat joko, seguruenik. Katalana izango litzateke. Deitura Espainiatik Kataluniara antzina joandako arbasoena izango litzateke. Migrazioaren ondorioa. Baina Ondategui abizena izanda... Zertan ari da Ondategui bat Katalunian?

Topikoz betetako aurreiritzia da. Katalan asko López edo Fernández badira, zergatik ezin izan daiteke etxekoa Ondategui? Katalan horien logika halakoa da: Espainiako herritar pobre asko Kataluniara joan ziren XX. mendean. Euskaldunek ez zuten sorterritik irten behar lan bila. Beraz, haien iritziz, Ondategui batek ez du sustrairik Katalunian.

Izen-abizenek, itxurak edo lanbideak ikuspegi ez oso zuzenak azaleratu ahal dituzte. Ondategui izenak katalana ez zaren susmoa pitz dezake. Itxurak ere bai. Ez soilik Katalunian. Euskal Herrian ere antzera gertatzen da. Oraindik badago jendea, aurrekoari hemengoa ote den galdetzen diona. Zergatik eta haren trazagatik. Mutil bati gertatu berri zaio. «Baina zure gurasoak ez dira hemengoak, ezta?», erantzun dio garbikeriaren zaindari zorrotz buru estuak, gazteak bertokoa dela esan ostean. Ikasleak ez du ezaugarri berezirik, kanpoko herri batekin lotzen duenik —eta izango balu, zer?—. Milaka eta milaka euskal herritar dira hura bezalakoak: beltzaranak. Haren deiturak ez du urruneko paisaiarik gogorarazten. Exotikoa da González bat XXI. mendeko Euskal Herrian?

Lanbideak ere ematen digu tabernako antropologia eta soziologia merkea egiteko aukera. Lan batzuk jatorri jakin bateko pertsonekin lotzen ditugu. Izan da eta oraindik bada igeltsero euskaldunik, baina gaur egun beste lagun batzuen jarduntzat jotzen dugu lan mota hori. Eta arrantzaleak? Nolakoak izango lirateke Txomin Agirreren pertsonaiak Arranondo herrian, idazleak gaurko Ondarroari begira idatzi beharko balu Kresala? Berdin taberna edo ostatuetako zerbitzariekin. Lanbide horri buruzko pasadizoa kontatu zuen Joan Puigcercósek, off the record, Egunkaria-ri eskainitako elkarrizketa bukatu eta gero: gaztetan, ikasketak ordaintzeko eta, kafetegi dotore batean egiten zuen behar udan. Egun batean Marta Ferrusola joan zen bertara eta espainieraz mintzatu zitzaion. Joan Puigcercosek katalanez erantzun zion. Zur eta lur utzi zuen Jordi Pujolen emaztea. Izan ere, jatorri kanpotarra zuela uste zuen emakumeak. Zerbitzaria zenez, xarnegoa izan behar. Beraz, xarnegeraz hitz egin zion gazteari.

Bel Olid-ek, Associació d'Escriptors en Llengua Catalana elkarteko buruak, independentzia zertarako nahi duen azaldu zuen 2015ean: «Nor naizen, zer hizkuntzaz idazten dudan eta zergatik egiten dudan azaltzeari uzteko nahi dut independentzia». Hark adierazi zuenez, «izan» egin nahi du. Izan, inork epaitu gabe. Hala izan beharko luke. Burujabeak bagina, espainiarrek galdera horiek baztertuko lituzkete —islandiar bati ez diote galdetzen zergatik idazten duen islandieraz—. Eta guk? Nor eta nongoak garen elkarri galdetzeari utziko genioke behingoz, hemen eta Katalunian, ala geure burua justifikatzen ibili beharko genuke orduan ere, Ondategui izan edo ez?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna eskatzeko. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal Herrian Euskaraz: «Datorren legealdia ofizialtasunarena izan behar da»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartuko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio egingo ditu EHEk. Nagusia maiatzaren 13an egingo dute, Iruñean.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.