Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Kutxabankek ez du argitu nahi izan PSOEri zorra barkatu ote zion

Publizitatea

Politika

Kutxabankek ez du argitu nahi izan PSOEri zorra barkatu ote zion

«Bankuek gorde beharreko sekretua» argudiatu du, Espainiako Senatuan egindako agerraldian. PPk «gardentasun falta» egotzi dio. Ustez, bankuek 40 milioiko zorra barkatu zioten PSOEri
Kutxabankeko Francisco Javier Lurueña, atzo, Senatuan.
Kutxabankeko Francisco Javier Lurueña, atzo, Senatuan. KIKO HUESCA / EFE

2017-11-15 / Gotzon Hermosilla

Kutxabankeko kontseilari ordezkari Francisco Javier Lurueñak agerraldia izan du Espainiako Senatuan, PSOEri bankuek ustez barkatutako zorraren auzia ikertzen duen batzordean, eta han ez du argitu nahi izan 2006an 21 milioi euroko zorra barkatu ote zion PSOEri, PPk salatzen duen bezala. Esan duenez, legeak bankuak behartzen ditu «sekretua gordetzera», eta, hortaz, ez dute eman bezeroekin egindako tratuen inguruko informazio zehatzik.

Erantzuna ez zaio batere gustatu PPri. Alderdi Popularrak batzorde horretan duen bozeramaile Luis Aznarrek esan du, berak dituen datuen arabera, BBK-k —2012an Kutxa eta Vital Kutxarekin bat egin ostean Kutxabank bilakatu zen— bi zor barkatu zizkion PSOEri 2006an, 10,2 eta 10,3 milioi eurokoak, eta «gardentasun falta» eta «lagundu nahi ez izatea» leporatu dio Kuntxabanki.

Zenbait alderdiren finantzaketan aurkitu dituzten ustezko irregulartasunak aztertzen ari dira Espainiako Senatuan, horretarako beren-beregi sorturiko batzorde batean. PPk baino ez du parte hartzen batzorde horretan; gainerako alderdiek uko egin diote parte hartzeari, pentsatzen dutelako batzorde hori sortzea PPren amarrua izan dela finantzaketa irregularraren susmoa alderdi guztietara hedatzeko asmoz, horrela Alderdi Popularraren ustelkeria auzien inguruko arreta desbideratuko dutelakoan.

Sozialistei dagokienez, Senatua aztertzen ari da zergatik banketxe batzuek barkatu zieten PSOEri eta PSCri haiekin zuten zorra 2004ko martxotik 2006ko maiatza bitartean: 40 milioi euro inguru, PPk emandako datuen arabera. Zorra barkatu zieten garaian, PSOE Espainiako Gobernuan zegoen, eta PSC, Kataluniako Gobernuan.

Batzorde horretan, sozialistei zorra barkatu zieten banketxeek azalpenak eman beharko dituzte: Kutxabank —garai hartan BBK zen—, Santander, BBVA eta Caixa dira deklaratzera deitutakoak. Caixako presidente ohi Isidro Fainek, Santanderreko kontseilari ordezkari Jose Antonio Alvarezek, eta BBVAko kontseilari ordezkari Carlos Torresek «agenda arazoak» dituztela argudiatu dute, eta haien agerraldia abenduaren 11ra atzeratu dute,

Garai hartan PSOEren kudeatzaile zena, Xoan Cornide, batzordearen aurrean agertu da, eta han esan du hura ez zela zorra barkatzea izan, «negoziatzea» baizik. Azaldu duenez, zorra ordaintzeari utzi zioten ezartzen zizkieten interesekin ez zeudelako ados, eta, denboraren poderioz, zorra «ezin ordainduzkoa» bilakatu zen. «Orduan, zorra bankuekin negoziatu genuen, krisi garaian espainiar askok egin zuten moduan, eta bankuek onargarri iritzi zioten eta guretzat ordaintzeko modukoa zen irtenbide batera iritsi ginen», esan du. Azaldu duenez, interesak jaitsi zizkieten eta, horren ondorioz, sei milioi euro inguru baino ez zuten ordaindu,

Espainiako Bankuko gobernadore Luis Maria Lindek ere egin du agerraldia Senatuko batzordean. Esan duenez, oraindik ez du biltzerik izan Senatuak auziaren inguruan eskatu dion informazioa, eta agindu du jaso bezain pronto «eskura duen informazio guztia» igorriko duela. Baina iragarri du litekeena dela batzordeak eskatutako informazio guztia ez edukitzea: gogorarazi duenez, 2013ra arte bankuak ez zeuden beharturik barkatzen zituzten zorren berri Espainiako Bankuari ematera, arlo hori arautzen duen legea urte hartan onartu zelako, eta, beraz, gerta daitekeela Espainiako Bankuak ez izatea PSOEri barkatutako zorraren informazioa.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak