Koronabirusa

Eranzteko presarik gabe

Ohituragatik, izurriak eraginiko zuhurtziagatik edo arauak zer dioen zehatz ez jakiteagatik, Hego Euskal Herriko herritar askok ez dute maskara kendu barrualdeetan, atzotik nahitaezkoa ez bada ere

Gasteizko Boulevard merkataritza gune handia, atzo, maskara barrualdeetan erabiltzeko derrigortasuna bertan behera utzi zen lehen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
Gasteiz-Iruñea
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

Esku batean aterkia eta bestean maskara. Gasteizko autobus geltokiaren ateak parez pare ireki baino segundo batzuk lehenago eskumuturrean eskegitako maskara hartu, jantzi eta geltoki barrura sartu da emakumea. «Hemen ere derrigorrezkoa da jartzea, ezta?», galdetu du, zalantzati. «Hara! Ez?», erantsi du jarraian, harrituta. Toki itxi gehienetan maskarak derrigorrezko izateari utzi dion eguna nahasia izan da herritar askorentzat. «Duda asko dago oraindik», esan du Ana Belen Mendia Gasteizko Udaleko informazio zerbitzuko langileak. «Geltokian kendu ahal dela uste dugu, baina ez dakigu zehatz-mehatz», aitortu dio kazetariari. Goizean jende dezente dabil autobus geltokian, eta gehienek ahoa eta sudurra estalita daramate.

Atzotik, Hego Euskal Herrian ez da derrigorrezkoa barrualdeetan maskara janztea —garraio publikoan eta osasun zentroetan izan ezik—, baina herritar askori kosta egin zaie oraindik pausoa ematea. Zaila da jakitea ohituragatik, zuhurtziagatik edo arauak dioena zehatz-mehatz ez jakiteagatik ote den, baina maskara jaun eta jabe da oraindik ere toki itxi gehientsuenetan. Aro berriaren lehen egunean, oro har, herritarrek ez dute presa handirik erakutsi maskara eranzteko.

«Leku askotan erabiltzen jarraituko dugula uste dut, beldur hori oraindik badelako». Bergaratik (Gipuzkoa) Gasteizera iritsi berri da Maite Larrañaga, eta autobusetik jaitsi ostean ere maskara kendu gabe jarraitzen du. Zuhurra da: «Pandemia hor dago, ez da joan». Aitortu du oraindik «goizegi» dela jende asko pilatzen den tokietan maskararik gabe ibiltzeko, eta berak, «oraingoz», janzten jarraituko duela. Oihane Trejo gaztea Zarauztik (Gipuzkoa) heldu da, eta geltokitik atera arte ez da ausartu maskara kentzera. Atarian aspalditik itsatsitako afixa bat eskuarekin seinalatuta egin du oharra: «Barruan maskara jarri behar dela esaten du, ez dakit ba...».

Salbuespen egoera jakin batzuetan bakarrik erabili behar da maskara, eta horietako bat da garraio publikoa. Gasteizko tranbiak, esaterako, azken bi urteotako irudiari eutsi dio, eta aldaketa gutxi sumatu da geltokietan zain diren bidaiarien artean ere. Iñaki Remirez eta Jon Alustiza gazteak autobusetik jaitsi eta ozta-ozta iritsi dira Honduras kaleko tranbia hartzera. Maskara paparrean eraman dute bidean, eta tranbia gerturatzen ikusi orduko igo egin dute. «Jantzi eta kendu, jantzi eta kendu. Horrela ibili behar dugu garraiora igotzen garen une oro», kexu dira. Ulertzen dute, hala ere, zaurgarrienen osasuna zaintzeko neurria dela, eta, hortaz, «bete beharrekoa».

Zuhur ibili dira Iruñean erosketak egitera, gimnasiora edo ile-apaindegira atera diren herritarrak ere. Auzoetako saltoki txikietan, orain arteko usadioari eutsi diote bezeroetako askok, baina estali gabeko aurpegi batzuk antzematen dira han-hemenka. Lotsati begiratzen diote elkarri gazteenek, zer egin behar duten oso argi ez balute bezala. Adinekoek, berriz, ez dute zalantzarik: aho-sudurrak estalita daramatzate ia une oro.

«Goizeko bezero guztiak maskara jantzita etorri zaizkit, bat izan ezik», azaldu du Pedro Itoiz ile apaintzaileak. Iruñeko Donibane auzoan du negozioa, eta jada ohitua zen bezeroei ilea moztera maskara jantzita zeukatela. «Denbora luzez eraman dugu, eta kosta egiten da ohiturak aldatzea. Gainera, nire bezero asko adinekoak dira, eta ez dira ausartzen egun batetik bestera maskara eranztera». Maskararik gabe joan da Itoiz lanera, baina, azkenerako, jantzi egin du hark ere, «maskara jantzita zetozenekiko begiruneagatik, batez ere». Ez du uste jendeak berehalakoan kenduko duenik: «Udara arte, gutxienez, antzera ibiliko gara, jantzi eta erantzi».

Antzeko iritzia dute Artikako Kirol Hirian ere (Nafarroa). «Goiz arrunt bat izan da gaurkoa», laburbildu du Anak (ez du abizenik eman nahi). Kiroldegiko harreran egiten du lan, eta, BERRIAren galderei erantzun dien bitartean, hiru pertsona bildu zaizkio leihatilara: maskara daramate horietako bik. Mutil gazte bat ere sartu da kiroldegira une horretan. Atea zeharkatu eta berehala jantzi du maskara, birritan pentsatu gabe, era mekanikoan kasik. «Erabiltzaile gehienak maska jantzita etorri dira, eta bakan batzuek erantzi dute lehen aldiz. Gimnasioan, adibidez, ia ez dugu alderik nabaritu, lehendik ere askok kentzen zutelako maskara kirola egiten ari ziren bitartean».

Tabernetan, denetarik

Ostalaritzak, berriz, askotariko irudiak utzi ditu. Gasteizko eta Iruñeko taberna batzuetan maskararik gabeko zerbitzariak ikusi ahal izan dira barraren bestaldean, eta bezero batzuk aspaldiko partez utzi dute maskara poltsikoan. «Bazen garaia», esan du Enrique Del Olmok, kafesne kikara bat eskuetan duela. Gasteizko Lascaray tabernan maskararik gabe sartu diren bezeroetako bat da. Yongzhen Lin jabeak ez du erantzi, eta lanean den bitartean ez du kentzeko intentziorik. Ez bederen lehen asteetan. «Ez dakigu zer gerta daitekeen birusarekin», dio, zuhur. Fernando Garcia Manai tabernako jabeak, ostera, pozarren hartu du neurria, maskararekin ordu luzez lan egiteak enbarazu handia egiten baitzion: «Aske gara azkenean».

Saltoki handietan ere, lehengo lepotik burua. Iruñeko Morea, Hiper Eroski eta halako merkataritza gune handietan maskara kirurgikoari eutsi diote bezero askok, eta baita Gasteizko Boulevard gunean daudenek ere. Hala ere, saltokietako dendari batzuk ikusi dira maskarik gabe. Kosmetika denda batean behar egiten du Vanessa Hernandezek, eta eskertu egin du arindua: «Askatasun sentsazio bat da, baina arraroa da aldi berean. Ohitu beharko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.