Madrilek otsail hasieran igorriko ditu eskumenen lehen zirriborroak

Zazpi eskuduntzei buruzko proposamenak dira Batetek Erkorekari agindutakoak. Jaurlaritzak dio albiste «positiboa» eta «itxaropentsua» dela

Erkoreka eta Batet, atzo, Madrilen. IREKIA.
Erredakzioa
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Espainiako presidente ekonomikoen konferentziarako prestaketa batzordean parte hartu zuen atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Madrilen. Aukera baliatu zuen Meritxel Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroarekin bakarka bilera egiteko, eta hizpide izan zituzten Gernikako Estatutuan jasota dauden eta Eusko Jaurlaritzari transferitzeke dauden 33 eskuduntzak eta horien inguruan aldez aurretik jarritako egutegia. Bileraren amaieran, pozik agertu zen Jaurlaritzako bozeramailea, transferentzien gaineko negoziazioen martxarengatik. Erkorekaren esanetan, Madrilek hitzeman du otsaileko lehen hamar egunetan jasoko dituela lehen zazpi proposamenak.

Eskumenen transferentzia negoziatzeko egutegi bat igorri zion Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari, joan den astean, eta egutegihorretako lehen atalean jasotako zazpi eskumenen zirriborroak dira Madrilek Jaurlaritzari datozen egunetan aurkeztuko dizkionak. Ondorengoak dira zazpi eskumenak: herri lanetako ikerketa eta esperimentaziorako zen- troa, aldiriko trenen garraioa, laguntza ETE eta berrikuntza teknologikorako, farmaziako produktuei buruzko legedia, eskola asegurua, lan erregulazio espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzak eta bidaia eskolak.

Meritxel Batet baikor agertu da Jaurlaritzarekin abiarazi beharreko negoziazio prozesuaz: esan duenez, «teknikoki errazagoak» diren eskumenen inguruko informazioa biltzen ari dira, eta espero du «eskuduntza gehienetan» ados jarriko direla. Erkorekak ere «albiste itxaropentsua» iritzi dio egutegia egin izanari.

Bestalde, Erkorekak Espainiako Gobernuari eskatu dio azkenean estatuko presidente autonomikoen konferentzia bat antolatzen badu deialdia egin aurretik edukien gainean hausnartzeko. Izan ere, foro horrek «organo politikoa» izan beharko luke, Jaurlaritzaren iritziz; «goi mailakoa» eta garrantzi jakin bateko gaiak lantzekoa. Erkorekak adierazi du 2017an egin zen konferentziak ez zituela garrantzi nahikoko gaiak jorratu, eta bilera sektorialetan lantzeko moduko gaiak jarri zirela mahai gainean. Batetek, berriz, aurreratu du maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren egingo dutela autonomia erkidegoetako presidenteen konferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.