Koronabirusa

Transmisioa gero eta nabarmenago arintzen ari da aldagai guztietan

Martxoaren 14tik Hegoaldean zenbatutako kasu kopururik apalena izan da igandean: 334. ZIUetan 165 eri dira; azken hileko gutxien

Donostia ospitaleko sarrera. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurba koska bat beherago da Hego Euskal Herrian; arinagoa da, beraz, birusaren kutsatzearen larritasuna. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, 334 COVID-19 kasu atzeman ziren herenegun egindako probetan; 7.482 test egin zituzten, eta, hortaz, %4,5 izan zen positiboen portzentajea.

Herrialdez herrialde, kutsatu kopuruak Bizkaian baizik ez zuen gainditu ehun kasuren langa igandean: 151 kasu detektatu zituzten lurralde horretan. Gipuzkoan, 96 kasu zenbatu ziren; Nafarroan, 58, eta Araban, berriz, 29.

Erietxeei dagokienez, Hegoaldean guztira 27 lagun ospitaleratu zituzten igandean. Hala, ohi denez, erietxeratutakoen kopurua astegunetan baino aski apalagoa izan zen asteburuan. Ordea, hamalau eguneko bilakaerari so, eguneko 61 pertsona sartu dituzte ospitaleetan COVID-19agatik. Gainera, osasun agintariek jakinarazi dute guztira 520 paziente direla ospitaleetan; 355 gela arruntetan daude, eta ZIUetan, berriz, 165 lagun daude COVID-19ak jota.

Bestalde, foru gobernuak jakinarazi du birusa zuen 74 urteko gizonezko bat hil dela Nafarroan.

Txertaketa prozesuari buruzko datuak ere eman dituzte administrazioek: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 350.375 lagunek bi dosiak hartu dituzte jadanik. Nafarroan, 108.823k; gobernuak zehaztu du 16 urtetik gora dutenen bostetik batek pauta osoa hartu duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.