Felix Iriarte.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. IRITZIA

Aro berri bat

2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Espainiako ezkerraren eta eskuinaren arteko borrokan subiranismoak egin du aurrera. Ez asko, baina urrats bat egin du, txikia bada ere, eta besteak zeudenean geratu dira, aldaketa nabarmenik gabe. Euskal Herriko alderdi abertzaleek hamabi eserleku lortu dituzte, apirilean baino bi gehiago; bata EAJk erdietsi du Bizkaian, laugarrena lurralde horretan, eta bestea EH Bilduk, Nafarroan. Bel Pozueta altsasuarrak bosgarren aulkia eman dio koalizio abertzaleari. Katalunian ere beste bi gehiago lortu dituzte hango alderdi abertzaleek, kasu horretan alderdi estatalisten kaltetan, En Comu Podem alderdiak emaitzak errepikatu baititu. Galiziak ere lagundu du: Bloqueak ordezkari bat izango du Madrilgo Kongresuan. Guztiak bilduz, hogeita hamasei eserleku Madrilgo Kongresuan.

Baliteke Espainian ez erreparatzea datu horiei; gutxiestea. Hango buruko mina zen, eta gaur ere hala da, nola eratu gobernu egonkor bat, jakinda orain arteko blokeen haritik ezinezkoa dela, alderdi subiranistei bizkarra emanez gero. Alternatiba bakarra dirudi ezkerraren eta eskuinaren arteko nolabaiteko akordioa, irabazi duenak —PSOEk, alegia— gobernatu dezan. Lan erreforma ez aldatzeko konpromisoarekin, bankuei zerga berezirik jarri gabe eta Europatik datozen aginduak zuzen betetzearen truke, Casadok emango dio gobernatzeko aukera Sanchezi, atzoko emaitzak beste biderik ematen ez duelakoan baitaude biak. Akordio horrek, gainera, boteretsuen onespena izango luke, ezkerreko alderdien akordioa galarazteko hamaika ahalegin egin baitute azken hilabeteotan, eta gobernatzeko itun horrek euren eskaerak beteko lituzke.

Batzuek eta besteek pentsatuko dute, akaso, behingoz orain asmatuko dutela gobernabidearen korapiloa askatzen. Derrigortuta ikusten dute euren burua, badakite ezinezkoa dela hirugarren aldiz hauteskundeetara deitzea gobernua ezin izan dutelako eratu, eta bide bakarra popularren eta sozialisten arteko akordioa dela. Sanchezen lasaitasunerako, Podemosen laguntza ez da nahikoa gehiengoa lortzeko, eta Casadok akordioa behar du Abascalek ez dezan beste hauteskunde batzuen aukera baliatu diputatu poltsa handitzeko eta eskuinaren artean lehen alderdia bihurtzeko. Vox alderdiari orain arte bidea egin diote batzuen eta besteen artean; orain, 52 diputaturekin, benetako mehatxua bihur daiteke orain arte bezala alderdi normaltzat hartzen badute egunerako lan legegilean, Madrilgo Parlamentuan eta Andaluziako Parlamentuan gertatzen ari den bezala.

Eta Vox jokoz kanpo utzi behar horrek ateak irekitzen dizkio subiranisten mundu zabalari. Beste kontu bat da aukera hori aprobetxatzeko prest izango diren edo, alderantziz, Kataluninako afera politikatik at utzi nahi duten, epaileen kontua bakarrik izango balitz bezala. Gero eta argiago geratzen ari da bide horrek ez duela etorkizunik, baina egia da baita ere alderdi subiranistek, hangoak eta hemengoak, erraztu beharko dutela bide hori. Politikaren bideak aukera gehiago ditu gaurtik aurrera, zirrikituak ireki dira, eta hori ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.