Francoren gorpuzkiak lekualdatzeko azterketa juridikoa hasi du Madrilek

Memoria Historikoaren Legea moldatu nahi du Espainiak. PSOEk esan du Erorien Haranak «adiskidetzarako» leku izan behar duela. PPk uste du erabakiak «konfrontazioa» sortuko duela

Erorien Harana, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua eta PSOE prest agertu dira Francisco Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko. Horretarako, memoria historikorako legea moldatzeko azterketa juridiko bat hasi du gobernuak. «Erabakiak hartzeko garaia da», adierazi zuen atzo PSOEko bozeramaile Oscar Puentek, Pedro Sanchez Espainiako presidente denetik alderdiko batzorde iraunkorra lehen aldiz bildu ostean. PSOEk esan du erabaki horrek Espainiako Kongresuaren gehiengoaren babesa duela, iazko maiatzean onartu baitzen gaiaren inguruko legez besteko proposamena.

Duela sei hilabete PSOEk aurkeztutako memoria historikoaren lege erreformarako proposamena lege proiektu bilakatzea da alderdiaren bileran aurkeztutako testuaren helburua. Proposamen hartan, Erorien Harana memoriarako zentro nazional bilakatzeko eskatzen zen, baita 1936ko gerrako eta frankismoko hobi komunak irekitzea lehenesteko ere. Harana memoriarako zentro bilakatzeko, ordea, ezinbesteko ikusten dute Francoren gorpuzkiak handik ateratzea. Mariano Rajoy presidentearen gobernuak bertan behera utzi zuen orduan Franco Erorien Haranetik ateratzeko aukera. Arrazoitu zuen lege erreforma horrek 200 milioi euroko gastua izango lukeela.

Diktadorearen gorpua hobitik atera beharra argi du, ordea, PSOEk. Halere, lekualdatzea «azkartu gabe» eta ahalik eta zarata gutxien eginda aurrera eramatea dute helburu, Puenteren esanetan. Izan ere, bozeramaileak azaldu zuen gai hau «gakoa» dela alderdiarentzat eta Espainiako Gobernuarentzat: «Memoria Historikoaren Legea betetzen saiatuko da gobernua, eta Erorien Harana adiskidetzeko eta espainiar guztien memoriarako leku bihurtzeko pauso bakoitza aztertzen ari da». Bide horretan, bai talde parlamentario sozialistak, bai gainontzeko alderdiek aurkeztutako ekinaldi legegileak aztertuko ditu Sanchezen gobernuak. Horiek «ahalik eta azkarren» martxan jartzen saiatuko direla gehitu du Puentek, «ahalik eta adostasun handienarekin». Horregatik, Espainiako presidenteorde eta Berdintasun ministro Carmen Calvok adierazi du «guztiekin» hitz egiteko prest daudela akordioak lortzeko bidean.

Diktadorearen gorpuzkiak lekualdatzea justifikatzeko, iazko maiatzean Espainiako Kongresuan onartutako legez besteko proposamena ekarri du gogora Calvok: «Badago akordio bat Diputatuen Kongresuan, eta, gobernu gisa, hura betetzeko formula bilatuko dugu». Orduan, ia alderdi guztiek babestu zuten memoria historikoaren legea aldatzeko proposamena, Franco lekualdatzeko asmoz. Proposamenean adierazi zuten diktadorea ez zela Espainiako gerran hil, 82 urterekin baizik, ohean. Kasu hartan, PP eta ERC izan ziren alde bozkatu ez zuten bakarrak; abstenitu egin ziren.

Era berean, Erorien Harana «memoria kolektibo demokratikorako eta adiskidetzearen kultura sustatzeko» leku bihurtzeko eskatu zion kongresuak gobernuari, zeina PPren esku baitzegoen orduan. Kongresuaren eskaeren artean zeuden Falangeren sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren gorpuzkiak basilikaren aldare nagusitik ateratzea eta Francoren irudia goraipatzen duen edozein fundaziori diru laguntzak kentzea ere; esaterako, Francisco Franco Fundazio Nazionalari. Erakunde hori ilegalizatzea ere aztertzen ari da Espainiako Gobernua.

Sanchezen lantaldeak hasia du Franco Erorien Haranetik ateratzeko prozesua, edo behintzat hori nola egin aztertzekoa. Atzo, bileraren aurretik, Dolores Delgado Justizia ministroak azaldu zuen «ikerketa juridiko sakon bat» hasi dutela memoria historikoaren legea moldatu ahal izateko, Francoren gorpuzkiak lekualdatzea bermatzeko. Halere, Delgadok adierazi zuen ez dagoela lekualdaketa aurrera eramateko data zehatzik.

Guztiak ez daude ados

Alderdi guztiek, ordea, ez dute bat egiten PSOEren jarrerarekin. PPren Ikerketa eta Programa idazkariorde Andrea Levyk Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiaren garaietara itzuli nahi izatea leporatu dio Sanchezi, «konfrontazio eta tentsio sozialen» garaira. Levyren esanetan, Francoren gorpuzkiak atera nahiak «enfrentamendua» bakarrik sortzen du.

Ciudadanosek ere PSOEren gobernua kritikatu du. Alderdiko presidente Albert Riverak azaldu du eurak prekaritatearen aurkako proposamenak egiten ari diren bitartean PSOE «Francoren hezurrez» ari dela. Adostasunik gabe memoria historikoaren legea aldatzea ere «oker» bat dela adierazi du, baina gehitu du eremua «hilerri nazional» bilakatzeko «proiektu serio bat» babestuko luketela.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, berriz, ontzat jo du erabakia, eta adierazi du «diktadorearen edozein gorazarre zantzu ezabatu» behar dela eremu hartatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.