Afganistanen 18 milioi lagunek behar dute giza laguntza

Gobernuak kontraerasoa abiatu du Lashkar Gahn, AEBen laguntzarekin. Egunero 30.000 pertsonak egiten dute ihes etxetik

Jendea giza laguntza jasotzeko zain, Kandaharren. M. SADIQ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
IRC Erreskaterako Batzorde Nazionalaren arabera, Afganistanen 18 milioi pertsona daude zuzeneko laguntzaren beharrean herrialde hartan. Erakundeak kezka agertu du herrialdean indarkeriak okerrera egin duelako azken hiru egunetan, eta gogorarazi aurtengo lehen seihilekoan hildako zibilen kopurua azken urteetako handiena izan dela —1.649 zibil hil dituzte ekainaren amaierara arte, iazko tarte berean baino %47 gehiago—. Desplazatu kopurua ere gero eta handiagoa da;IRCren datuen arabera, egunero 30.000 pertsonak egiten dute ihes etxetik; hala, Afganistan da, Siriaren atzetik, desplazatu gehien dituen herrialdea.

AEBek azken egunetan iragarri dute bisa bereziak emango dizkietela herrialdeko albiste agentzia eta giza laguntzarako erakundeentzat lan egin duten afganiarrei, baina zehaztuta, lehenik eta behin, herrialdetik irten beharko dutela, eta hirugarren estatu batean egon prozesua amaitu arte —urtebete inguru—; bitarte horretan ez dute Washingtonen laguntzarik izango. Etxe Zuriak berak aitortu du «zaila» izango dela afganiarrentzat baldintza horiek betetzea, eta eskatu dio Pakistani utz diezaiela iheslariei herrialdean sartzen.

Egoerak, okerrera

Azken egunetan, talibanek gogortu egin dituzte hiri nagusien aurkako erasoak, gobernua haiei aurre egiteko ezinean ari den bitartean. Izan ere, Kabulek ez du nahikoa baliabide miliziei aurre egiteko, eta dituenak hiriburuan eta inguruetan daude gotortuta. Helmand probintziako diputatu Karim Ataalek kritikatu egin du Ashraf Ghani presidentearen jarduna, eta egotzi dio Helmand eta Lashkar Gah hiriburua urte luzez alde batera utzi izana: «Herritarrak infernu bat bizitzen ari dira orain. Ez dira ausartzen etxetik irtetera, tiroz hilko dituzten beldur. Denetarik falta dute; ez dute ez jatekorik, ez botikarik».

Ostegun goizaldean, ordea, kontraerasoari ekin zioten gobernuko indarrek, AEBen laguntzarekin. Talibanek Lashkar Gahn zituzten kokaguneak bonbardatu zituzten AEBetako droneek. Aurrez, militarrek eskatu zieten herritarrei talibanen kontrolpeko eremuetatik ihes egiteko, eta «toki seguruetan» babesteko, ohartaraziz datozen ordu eta egunetan bonbardaketa gehiago egingo dituztela. Egoera antzekoa da Herat probintziako hiriburuan ere.

Bien bitartean, talibanek kontrolpean hartutako lurraldeetan komunikabide independenteak eta gobernuaren aldekoak itxi dituztela salatu dute kazetariek. Horien arabera, kazetari askok ezkutura jo behar izan dute lanean jarraitzeko. Zabalik jarraitzen duten komunikabideen kasuan, berriz, debekatu egin diete musika irratsaioak egitea eta emakumeen ahotsa zabaltzea. Aldiz, talibanen komunikatuak eta Korana irakurtzera behartu dituzte.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.