Errikos Finalis. Syrizako kanpo harremanen arduradun ohia

«Arazoa da Grezia ez dela herrialde bat, zorraren kolonia bat baizik»

Lur Gil.
Atenas
2016ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gaur egun, KOE Greziako Erakunde Komunistako nazioarteko harremanen arduraduna da Errikos Finalis, baina duela ez askora arte Syrizako nazioarteko arduradun ere izan da. Oso kritikoa da orain Syrizarekin, iazko udan Alexis Tsiprasen gobernuak Bruselak eskainitako hirugarren erreskatea onartu zuenetik, boto-emaileen %61ek EBk proposatutako memorandumari ezetz esan eta gero. Finalis Askapenako taldeko brigadako kideekin elkartuda Atenasen, eta Greziak duen egoera ekonomiko eta sozial korapilatsuaz mintzatu da haiekin.

Zer ondorio eragin ditu Syrizak erreskatea onartu izanak galdeketan ezetzak irabazi eta gero?

Lehen ondorioa da bere burua ezkerrekotzat jotzen duen gobernuak aurreko gobernuen politika berberekin jarraitzen duela. Horrek krisi sakonago bat eragin du: hondamendi nazional eta sozial baterantz goaz. Gobernuak eta troikako kideek berek aitortu dute politika hauek ez dutela konponduko egoera ekonomikoa, baina esaten dute ez daukagula beste aukerarik. Bada beste ondorio bat ere, herritarrengan eragina duena.

Zein da ondorio hori?

Galdeketako ezetza baietza bihurtzea kolpea izan zen herritarrentzat, eta eragin du herritar masek borroka politikotik alde egitea. Syrizaren traizio horrekin amaitu zen herritarren borroka, eta abstentzioaren bitartez islatu zen legebiltzarrerako azken hauteskundeetan. Herriaren konfiantza berreraiki behar dugu; ezker antolatua ez da egon herri antolatu gabearen nahien mailan, eta oso zaila da berriz ere jendea mobilizatzea.

Traiziotzat jo duzu Syrizarena. Tsiprasen gobernuak zergatik onartu zituen eurotaldeak agindutako neurriak?

Hitz gogorra da traizioa, baina berba hori erabili beharra daukat. Herritarrentzat ez zen erraza ezetz bozkatzea; besteak beste, bankuak itxita zeudelako, eta botereak mehatxu ikaragarriak egin zituelako. Baina herritarrek, hala eta guztiz ere, ezetzaren alde bozkatu zuten. Momentu horretan, herria gure gainetik zegoen, ezker antolatuaren gainetik. Ez genuen espero gobernuaren traizio hori, eta, orain, mobilizazio sozialik gabe, ezin dugu gure subiranotasunaren alde borroka egin. Jendeak barneratu egin du politikari guztiak berdinak direla. Jende horrekin hitz egin behar dugu orain, herririk gabe ezin delako ezer egin. Baina ez da lan erraza aurrean duguna.

Hirugarren erreskateko memorandumak gehiago estutu ditu greziarrak. Zein da egoera?

Pertsona gehiago bizi dira pobre, pertsona gehiago gizarte segurantzarik gabe, eta familia askok daukate etxebizitza galtzeko arriskua. Orain funts putreei uzten diete bankuen maileguak erosten, eta orain arteko babes legala galdu da. Pribatizazioek ere kalte handiak eragingo dituzte; gainera, zorra pagatzeko zerga bereziak sortu dituzte, eta aldiro-aldiro igotzen dituzte horiek. Etengabeko hondatze egoeran gaude, eta ez da ageri irteera aukerarik, ezta irteera erreakzionariorik ere. Grezia dagoeneko ez da herrialde bat, ez du subiranotasun formalik.

Nork gobernatzen du Grezia?

Troikako ordezkariek. Hirukoa laukoa da orain, ESM erreskate funts iraunkorra batu baitzaie. Ordezkariak dituzte ministerio guztietan; ministroen erabaki guztiak sinatu behar dituztenak dira, parlamentuari zer, noiz eta nola bozkatu esaten diotenak. Ez dute onartzen legebiltzarreko prozesu normala, bozkatu aurretik eztabaidatzearena. Ez dute onartzen beren diktadurari demokrazia itxura ematerik ere. Bozkatzen diren legeak ingelesez idatzita daude, troikako egoitzetatik datozen bezala, eta parlamentariek irakurri ere egin gabe bozkatzen dituzte. Horixe da Greziaren arazoa, ez dela herrialde bat, zorraren kolonia bat baizik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.