Hego Euskal Herriko aire kutsadura apaldu egin dute euriteek eta haizeak

Ekologistak Martxan-en arabera, OMEk gomendatu baino handiagoa da kutsadura. Aire kalitate txarrena dutenak tokiak, Ezkerraldea eta Erribera

Ion Orzaiz.
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Euriteen eta ezegonkortasun atmosferikoaren eraginez, airearen kutsadura murriztu egin zen 2018. urtean, oro har. Hala ere, Ekologistak Martxan elkarteak urteroko txostenean azaldu duenez, Hego Euskal Herriko airean dauden gai kutsagarrien mailak gainditu egiten ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak eginiko gomendioak. Txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanle gehienek —2,1 milioi— arnastu dute noizbait «osasunerako kaltegarria den airea», OMEren parametroen arabera. Hala ere, iaz ez zen legeak ezarritako gehienezko kutsadura gainditu. Txostenean, Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du Espainiak indarrean daukan araudia «OMEk ezarritakoa baino malguagoa» dela.

Guztira, 67 neurgailuk emandako datuak aztertu dituzte 2018ko txostena ontzeko. Horietan, PM10 eta PM2,5 partikula, nitrogeno dioxido eta sufre dioxido zantzu gutxiago atzeman ditu Ekologistak Martxan-ek: «Itxuraz, behintzat, badirudi 2008ko krisi ekonomikoarekin batera hasitako beheranzko joerari heldu zaiola berriz». Horren atzean, bi motibo aurkitu dituzte ekologistek: «Batetik, prezipitazio handiek eta ezegonkortasun atmosferikoak murriztu egin dute kutsadura, eta airearen kalitate orokorra hobetu; bestalde, era apalagoan bada ere, zentral termikoen ekoizpen elektrikoak behera egin du, eta hori ere lagungarri izan da». Hala ere, industriari lotutako datu «kezkagarri» bat eman du elkarteak: «Erregai fosilen erabilerak gora egin du garraioaren eta industriaren sektoreetan, eta 2012ko mailara itzuli da».

OMEk eginiko gomendioa gehiagotan gainditu duten eskualdeen artean, honako hauek nabarmentzen dira Ekologistak Martxan-en txostenean: Bizkaian, Ezkerraldea; Gipuzkoan, Jaizkibelgo neurgailua; eta Araban, azkenik, Valderejo, Agurain eta Eltziegokoak.

Nafarroan, Erriberako neurgailuak dira ozono bidezko kutsadurarik altuena erregistratu dutenak, Ebro ibaiaren ingurukoak. Castejongo zentral termikoa eta inguruko industriak jo dituzte horren eragiletzat.

Zubiriko Magnesitas Navarra enpresak eragiten duen sufre dioxido kutsaduraz ere ohartarazi du elkarteak. Hango neurgailuan, 11 aldiz gainditu ziren OMEren parametroak iaz. Aurreko bi urteetan, ordea, 50etik gora izan ziren.

Kritika bi gobernuei

Ekologistak Martxan-ek kritika egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: leporatu die airearen kalitatea hobetzeko planik onartu ez izana: «Kutsadura murrizteko planak betekizun dira egungo araudiaren arabera, baina NO2 partikulen kasuan, Eusko Jaurlaritzak ez du Nerbioi ibaiaren inguruko plana onartu; utzikeria horrek arriskuan jar dezake milioi bat pertsonaren osasuna». Nafarroaren kasuan, «Espainiako araudi orokorraren zain» egotea leporatu dio gobernuari. Administrazioaren planez gain, bestelako gomendioak ere egin ditu elkarteak; besteak beste, hirietako trafikoa murriztea, zentral termikoak ixtea eta erregaiari zergak jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.