Ahmed Ettanji.
ANALISIA

Sanchezen errenditze kamikazea eta sahararren erresistentzia

2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Sekula ez dut dudarik txikiena ere izan Espainiak jarrera lotsagarria izan duela beti Sahararen inguruan, bere kolonia izandako horren inguruan. Estatu horrek autodeterminaziorako eskubide besterenezina ukatzen dio gure herriari, eta, horrela, gainera, izkin egiten dio bere erantzukizun historiko, juridiko eta moralari.

Sahararren memoria minez, penaz eta tragediaz josia dago, Madrilek Nazio Batuen bi exijentziari ez ikusi egin diela eta: alde batetik, NBEk eskatu zion Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko, eta, bestetik, herri galdeketa libre eta garden baten bitartez hitza emateko. Espainiako iritzi publikoak eta indar faktikoek, ordea, oraindik ere ez dute modurik erabakiak hartzen dituztenengan eragiteko: erabakiak hartzen dituztenak, hain zuzen, luzatzen ari dira sahararren sufrimendua, aintzat hartu gabe horrek nolako efektu eta ondorio arriskutsuak izango dituen 2021eko azaroaren 13tik gerran dagoen eskualde baten segurtasunean eta egonkortasunean.

Saharar askok poza hartu zuten ikusita Espainiak Saharako Errepublikako presidente Brahim Ghali hartu zuela LogroƱon, COVID-19rako tratamendua har zezan. Zenbaitek pentsatu zuten Madril sahararren auziaren inguruko politika aldatzear zegoen seinale izango zela hura beharbada, bereziki kontuan hartuta zer esan zuten jarraian organismo ofizial batzuetako funtzionarioek, tartean Defentsa ministroa, zeren nazioarteko legitimotasuna eta Espainiak Mendebaldeko Sahara administratzen duen potentzia gisa daukan erantzukizuna aintzat hartuz heldu baitzioten gai horri.

Egin zituzten analisietan, beste urrats bat ere egin zuten: adierazi zuten Espainia nazkatuta zegoela Marokoren jazarpen politikoaz, eta ez zietela inoiz amore emango Marokok migrazioaz, segurtasun lankidetzaz eta droga trafikoaz baliaturik egiten dituen mehatxuei.

Zoritxarrez, sahararren interesak eta eskubideak sekula aintzat hartu ez zituzten analisi surrealista haiek ez zeuden eta ez dira sekula egongo Espainiako gobernuen agendan. Azken 47 urteetan, defendatu egin dituzte hala Marokoren okupazioa nola haren proiektu espantsionistak, eta giza laguntza bidali diete saharar errefuxiatuei, herri eskale bat balitz bezala, hartara Espainiako ahots kritikoak isilarazteko eta haien aldarri politiko gogaikarriak geldiarazteko.

Hainbesterainokoa izan zen konspirazioa, ezen Espainiako gizartearen ordezkari askok onartu ere onartu baitzituzten behatzaile independente, kazetari eta ekintzaile politiko gisa lurralde okupatuetara egindako bisitetan sufritu zituzten gehiegikeria guztiak. Izan ere, bisitari haien jarrera, itxura denez, Espainiako oligarkiak defendatzen dituen interesen kontrakoa zen: Espainiako herritarren interesak arriskuan jartzen dituen oligarkia horren kontrakoa, alegia.

Orain Espainiako Gobernuko presidenteak esan berri dituenek berriz ere banatu dituzte kartak, eta suari su eman: su gure eskualdeko kaosari. Haren adierazpenek ez dute inondik ere isilaraziko xantaiari amore emanaraztea garaipentzat daukan erregimen hori, eta Saharako herriak, aldi berean, gero eta ozenago eskatuko du ez onartzeko inolako apusturen mendean egotea, bere erresistentziaren legitimotasunaren aldekoa ez bada. Historiak erakutsia du gure herria garaile atera dela okupatu gaituzten bi potentzien aurrean, hots, Marokoren eta Mauritaniaren aurrean, geurean tinko eutsita.

Gerra betean gaude. Tentsioa dago eremu horretan, eta NBEk oztopoa besterik ez du prozesu politikoari berrekiteko. Arazo horren parte bat Espainia da: Pedro Sanchezen adierazpenen ondorioz, Espainiak jarrera argi bat hartu du, parteetako baten alde lerratu da, eta, beraz, ezin da eragile objektiboa izan konponbide bat bilatzeko orduan.

Sahararrok borrokan segituko dugu gure askatasunaren alde, eta inork ez du eskubiderik gure izenean erabakitzeko. Dozenaka urte daramatzagu etsi gabe, estatu independente eta subirano bat edukitzeko dugun helburu legitimorako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.