EAJ, PSE eta PP, alarde parekidea ofizialki aitortzearen aurka

Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetara ordezkaritza instituzionala bidaltzearen aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ahal Dugu taldeak aurkeztu zuen mozioa, Irungo alarde mistoaren hogeigarren urteurrenaren harira. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten ordezkaritza ofiziala bidal dezala, eta, horrez gainera, alarde horretan berdintasunaren alde eginiko lanaren «aitortza» egin dezala.

Jatorrizko testu horren gainean, hainbat puntu gehigarri adostu zituzten Ahal Dugu-k eta EH Bilduk; besteak beste, Hondarribian plastiko beltzak jartzearen kontrako adierazpen publiko bat galdegin zioten Markel Olano ahaldun nagusiari. Horri ere ezezko botoa eman zioten EAJren, PSEren eta PPren batzarkideek, atzoko bilkuran.

«Festa sentitzeko bi moduak» eta «sentsibilitate guztiei errespetua zor» zaiela argudiatu zuten hiru alderdi horiek. «Bizikidetza eta errespetua bermatzearen alde lanean jarraitzeko» deia egin zuen PSE-EEko kide Petra Romerok. EAJko ordezkari Xabier Ezeizabarrena batzarkideak, berriz, «oportunismoz» jokatzea egotzi zien Ahal Dugu-ko eta EH Bilduko kideei, eta azpimarratu zuen «neurriz» jokatu behar dela alardeen korapiloa askatzeko.

Ahal Dugu-ren izenean, Maria Valientek salatu zuen EAJ eta PSE «nahita» ari direla beste alde batera begiratzen, «desoreka jasangaitz baten errotzearen aurrean». Valienteren ustez, alarde mistoak «esplizituki aitortzeari uko egin izanak» frogatzen du alderdi horiek «ez dutela onartu nahi emakumeek alardeetan gizonen baldintza berberetan parte hartzeko duten eskubidea».

EH Bilduko Ainhoa Beolak gaineratu zuen EAJ, PSE eta PP direla «aldaketa ororen aurkako erresistentzia». Azkenean, aldeko 21 boto jaso zituen proposamenak—Ahal Dugu eta EH Bildurenak—, eta aurkako 27.

«Bitartekaritza lana»

EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu zion Ahal Dugu-ren mozioari, testu honekin: «Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote jarraitzeko bitartekaritza lana egiten, Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin». Testu hori aurrera atera zen, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko 27 botoekin, eta Ahal Dugu-ren eta EH Bilduren kontrakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.