EAJ, PSE eta PP, alarde parekidea ofizialki aitortzearen aurka

Hainbat emakume, Irungo alarde mistoan parte hartzen. Artxiboko irudia.
Hainbat emakume, Irungo alarde mistoan parte hartzen. Artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 28
Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetara ordezkaritza instituzionala bidaltzearen aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ahal Dugu taldeak aurkeztu zuen mozioa, Irungo alarde mistoaren hogeigarren urteurrenaren harira. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten ordezkaritza ofiziala bidal dezala, eta, horrez gainera, alarde horretan berdintasunaren alde eginiko lanaren «aitortza» egin dezala.

Jatorrizko testu horren gainean, hainbat puntu gehigarri adostu zituzten Ahal Dugu-k eta EH Bilduk; besteak beste, Hondarribian plastiko beltzak jartzearen kontrako adierazpen publiko bat galdegin zioten Markel Olano ahaldun nagusiari. Horri ere ezezko botoa eman zioten EAJren, PSEren eta PPren batzarkideek, atzoko bilkuran.

«Festa sentitzeko bi moduak» eta «sentsibilitate guztiei errespetua zor» zaiela argudiatu zuten hiru alderdi horiek. «Bizikidetza eta errespetua bermatzearen alde lanean jarraitzeko» deia egin zuen PSE-EEko kide Petra Romerok. EAJko ordezkari Xabier Ezeizabarrena batzarkideak, berriz, «oportunismoz» jokatzea egotzi zien Ahal Dugu-ko eta EH Bilduko kideei, eta azpimarratu zuen «neurriz» jokatu behar dela alardeen korapiloa askatzeko.

Ahal Dugu-ren izenean, Maria Valientek salatu zuen EAJ eta PSE «nahita» ari direla beste alde batera begiratzen, «desoreka jasangaitz baten errotzearen aurrean». Valienteren ustez, alarde mistoak «esplizituki aitortzeari uko egin izanak» frogatzen du alderdi horiek «ez dutela onartu nahi emakumeek alardeetan gizonen baldintza berberetan parte hartzeko duten eskubidea».

EH Bilduko Ainhoa Beolak gaineratu zuen EAJ, PSE eta PP direla «aldaketa ororen aurkako erresistentzia». Azkenean, aldeko 21 boto jaso zituen proposamenak —Ahal Dugu eta EH Bildurenak—, eta aurkako 27.

«Bitartekaritza lana»

EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu zion Ahal Dugu-ren mozioari, testu honekin: «Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote jarraitzeko bitartekaritza lana egiten, Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin». Testu hori aurrera atera zen, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko 27 botoekin, eta Ahal Dugu-ren eta EH Bilduren kontrakoekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna