Soldata arrakalari buruz hitz egitera deitu du ELAk Eusko Jaurlaritza

Emakumeen soldata txikiagoei aurre egiteko 32 neurri proposatu ditu sindikatuak. Emakunderi autonomia handiagoa eman eta Arartekoaren antzeko estatusa emateko eskatu du ELAk

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ostegunean hirugarrenez bilduko da soldata arrakalaren gaia lantzeko Eusko Jaurlaritzak eratutako mahaia. Bertan izango dira Jaurlaritza bera, CCOO, UGT eta Confebask, baina ELA eta LAB sindikatuak ez. «Ez da arazoaren muinera iristen», azaldu zuen atzo Leire Txakartegik, ELAko genero berdintasunaren arloko arduradunak. Bilera sorta horri hasieratik egin zion muzin sindikatuak, eta, horren partez, Maria San Jose Lan sailburuari dei egin diote eurekin biltzeko. Balizko bilera horretan atzo prentsaurrekoan aurkeztutako 32 neurri eztabaidatzeko eskatu zion Txakartegik, Hego Euskal Herrian soldata arrakalak sustrai sakonak dituela eta.

Erro hori zenbaterainokoa den erakusteko, datuak eskaini zituen sindikatuak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeek urtean gizonek baino 7.552 euro gutxiago irabazten dituzte —%24,29 gutxiago—, eta Nafarroan, berriz,8.164 euro gutxiago (%28,41). «Jaurlaritzak deitutako mahaian, Confebaskek esan zuen ez dagoela soldata arrakalarik; abiapuntu okerra, beraz», Txakartegiren arabera. Azaldu zuen Jaurlaritzak asko egin dezakeela arrakala hori amaitzeko, betiere «horretarako borondatea baldin badauka». Baina, gaur-gaurkoz, hiru aldeko mahai horretara deituta gobernuak soldata arrakalaren inguruan duen «erantzukizuna alboratu eta ardura eremu pribatuan» jarri duela salatu zuen sindikatuak.

Emakunde indartu

ELAk Jaurlaritzarekin eztabaidatu nahiko lituzkeen 32 neurrien artean batzuk nabarmendu zituen Txakartegik. Batetik, Emakunderi dagokiona. Emakumeei eragiten dieten eskubide urraketak objektibotasunez aztertzeko autonomia politikoa eskatu dio. Hau da, gaur egun, «Arartekoak izan dezakeen antzeko estatusa». Horretaz gainera, kalitatezko enpleguak sustatzeko politikak eta lan ikuskaritzan «zigor eredugarriak» ezar daitezela ere eskatu zuen Txakartegik: «250 langiletik gorako enpresetan benetako berdintasun planak eskatzen ditugu, neurri eraginkorrak bilduko dituztenak, eta hitzarmen kolektiboen balio berbera izango dutenak».

Jaurlaritzari berari dagokionez, administrazioak azpikontratatzen dituen zerbitzuetan ahalmen handia duela gogorarazi zion sindikatuko ordezkariak, eta eskatu zion balio handiagoa emateko horietan emakumeek betetzen dituzten lanpostuei. «Nafarroan, orain dela gutxi, kontratazio publikoaren legea onartu zuten, eta sindikatuak positiboki baloratzen du; Jaurlaritzak nondik ikasi baduela iruditzen zaigu alde horretatik». Zaintzarako neurri publikoak ere mahai gainean jarri zituen ELAk, eta, azkenik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak babes sozialeko sistema publikoa hobetzeko aurkeztutako herri ekinaldi legegilea babestu dezala ere eskatu zion. «Neurri garrantzitsua izan daiteke hori ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.