Mairtin O Muilleoir.
Ipar Irlandako hauteskundeak. ANALISIA

Unionistak otoitzean ari dira

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Bazen behin gizon bat uholde batean etxea urpean geratzen ari zitzaiona eta goi-goiko geletan babes hartu behar izan zuena.

Halako batean, txalupa batean etorri zitzaizkion batzuk, eta esan zioten eramango zutela toki seguru batera, baina hark, ezetz: salbazio eske otoitzean aritua zela eta Jaunak salbatuko zuela, seguru.

Urak gora zetozen, ordea, eta teilatura igo behar izan zuen. Han zegoela, begiz jo zuen helikoptero batek, eta sokazko eskailera bat jaurti. Baina gizonak, berriro ere, ezezkoa eman zien salbatzaile izango zituen horiei, sinetsita Jaunak ondo zainduko zuela.

Handik guxira ito zen gizona, eta hara non azaldu San Pedroren aurrera, zeruko atera. «Nola hil zara?», galdetu zion atearen zaindariak. «Itota, uholde batean», hilberriak ihardetsi. «Hortxe aritu naiz, errezatu eta errezatu, baina Jainkoa ez da etorri ni salbatzera».

San Pedrok, haserre, erantzun zion: «Ez dela salbatzera etorri? Jaunak ez al dizkizu, ba, txalupa bat eta helikoptero bat bidali? Eta zuk zer, eta biei uko egin!».

Halaxe dabiltza Ipar Irlandako unionistak oraintxe.

Nahiz eta gero eta bistakoagoa izan haien probintzia maitea hondoratzen ari dela, behin eta berriz esaten dute dena ondo doala eta Irlanda Batuaren uholdeari euts diezaioketela.

Baina, unionistek aldatzeko asmorik ez duten honetan, inguruko gizarte osoak aurrera segitzen du, eta kontserbadoreak beren bandera zuri-gorri-urdinari eta Orange ordenaren martxei beste ezeri heldu ezinik geratu dira. Beharbada sekula ez da izan talde politikorik halako kolore biziak hartu eta haiekin hain paisaia politiko monokromatiko eta goibela sortu duenik.

Baina horixe lortu du unionismoak Ipar Irlandako Estatua ezarri zenetik 100 urte bete diren honetan.

DUP, alderdi unionista nagusia, urpeko zulo batean sartuta dago.

1997an, unionistek galdu egin zuten Belfasteko Udal Kontseiluaren kontrola, Ipar Irlandako hiriburuko erakunde hautaturik boteretsuenarena hain zuzen; izan ere, lehen aldiz, komunitate katolikoko ordezkari bat da alkate, 384 urteren ondoren!

Ordutik hona, unionismoa ahulduz joan da hirian, eta Westminsterrera bidalitako lau legebiltzarkideetako bakarra da unionista orain.

2017an, Ipar Irlandako Asanblean gehiengoa izateari utzi zioten unionistek, eta orain 90 aulkietatik 40 baino ez dituzte.

2019an, Britainia Handia EBn sartu zenetik lehen aldiz, gutxitu egin ziren unionistek Europako Parlamentuan zituzten aulkiak: hirutik bi zituzten lehen, eta hirutik bat orain. Era berean, 2019ko Westminsterko hauteskundeetan, jokoan zeuden 18 eserlekuen gutxiengo bat bakarrik lortu zuten.

Esperantzarik izan ote dezake unionismoak Asanblearako hauteskundeetan suspertuko dela, ostegunean, maiatzaren 5ean, kasualitatez 1981ean Bobby Sands gose grebalaria hil zeneko urteurrena den egunean bertan? Ez du, bada, itxura handirik orain arteko joera iraultzeko pausoak ematen ari direnik —salbazio eske errezatzea ez bada—.

Eta izan, unionismoak izan ditu bere burua salbatzeko hainbat aukera.

Ezen 1972tik 2022ra, agintean unionistak baino egon ez diren urte mingotsetan alegia, konpromiso handiagoa izan balute, agian lortuko zuten Irlanda batzeko eskariak baretzea.

Eta gizartea aldatuz doala onartzeak eta horren inguruan jarrera abegikorragoa izateak ere salbatuko zituen agian.

Baina ez zen hala izan. Ipar Irlandako alderdi guztien artean, DUPek egiten du irmoen migranteak hartzearen aurka. Hain zuzen, alderdiak brexit-aren alde egin zuenez —bere kalterako egin ere—, Ekialdeko Europatik Ipar Irlandara bizitzera joandakoek aurkaritzat dauzkate orain.

LGBT komunitateari egindako irainek ere urrundu egin dute alderdia Ipar Irlandako gazte aurrerakoiengandik Belfast da Europako hiririk gazteenetan hirugarrena, Dublinen eta Lyonen atzetik, eta urtero udan egiten den Harrotasunaren Desfilea da hiriko desfilerik handiena.

Gainera, Europako eskualde bakarretako bat da abortua modu efektiboan debekatua daukana, unionismoa berriz ere garaian garaira egokitzeko kapaz izan ez den seinale.

Eta, hori aski ez balitz bezala unionismoa kale itsu batera eramateko, hark brexit gogor baten alde egin izanak ere urrundu egin ditu enpresarien klasekoak, eta amorratu nazionalista dirudunak, eta orain aitortzen dute Irlanda Batua sortzea dela irtenbide bakarra etorkizunean bakea eta oparotasuna lortzeko.

Oraintxe, ez daukat dudarik unionistak otoitzean ari direla ostegunean iraganeko politikek irabaz dezaten.

Baina litekeena da ostiralean, emaitzak argitaratzen direnean, Sinn Feinek lortzea eserlekurik gehienak, eta Michelle O'Neillek hartzea lehen ministroaren kargua mugarri bat, dudarik gabe, Irlanda Baturako bidean.

Zenbaketa bukatzen denean, unionistak zeruko jainko guztiei madarikazioka hasiko dira, jakina, baina galdera bat dator ezinbestean burura: ea azken 101 urteetan ez ote ziren hobeto arituko baldin eta aprobetxatu izan balute bizilagunak maitatzeko suertatu zaizkien abaguneetakoren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.