LAB ez dute erabiliko «gehiengo sindikalak eman eta kentzeko»

«Jokaleku berri bat» sortu nahi du sindikatuak, «baita erakunde eta enpresariekin ere», uste baitu ez dela «gotorlekuan» geratzeko garaia.LABen behar zehatzen «gainetik» jarriko ditu langileenak

Ainhoa Etxaide eta LABeko oraingo eta lehengo sindikalistak. JON URBE / ARP.
xabier martin
Donostia
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Sindikatuko kide historiko anitzen aurpegiz osatutako puzzlearen irudia atzean zuela, LABen geroa izan daitekeena marraztu zuen Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak atzo, Donostian. «Negoziaziorako eta borrokarako jokaleku berri bat» eraikitzeko prestasuna aipatu zuen sindikatu abertzalearen 40. urteurreneko adierazpenean, «ez delako gotorlekuan geratzeko garaia».

Orain baino lehen LABek krisiaz duen ikuspegia berretsi zuen, «ziklo ekonomiko berria iruzur sozial izugarri» baten gainean eraiki dela zehaztuz eta «alarma gorriak» gogoratuz, «erreformaz erreforma» langileek galdutako eskubideak direla eta. «Krisia erabili dute eredu neoliberala inposatzeko». «Galtzaileen eta irabazleen ekonomia» kontzeptua helarazi zuen.

«Injustizia» oinarrian duen ekonomia horren erantzuleetako bat EAJ egin zuen. «Iruzur handiena» Madrilek beti baztertu duen estatusaren eztabaidaren lapurretarekin lotutakoa dela zehaztu zuen. «Hemengo elite politiko eta ekonomikoei gehien interesatzen zaien eredua inposatu digute 1978tik gaur arte. Marko juridiko politikoaz hitz egiteko ez dela garai egokia esan digute behin eta berriro; hori langileei egindako iruzurra da, eta EAJri begira salatzen dugu».

Ataka horretan, Etxaidek azaldu zuen LABek «eredu sindikala birpentsatzeko urrats berriak» egin behar dituela etorkizuneko estrategian murgilduz. Sindikatu abertzalea «langileen tresna bat» dela uste du LABeko buruak, eta horregatik langileek zer behar duten «LABek behar duenaren gainetik» jarriko dutela iragarri zuen.

Maiatzaren Lehena

LABek garatu nahi duen estrategian sartuta, beste sindikatuekiko harremanaz ere hitz egin zuen Etxaidek, itxura batean ELArentzat izan zitekeen ohar bat helarazita: «Tresna bat gara, baina oker dabil gutaz baliatu nahi duena, instrumentalizatu nahi gaituena, eta alferrik dabil bigarren mailako sindikatu bat garela pentsatuz LABen rola gehiengo sindikalak eman edo kentzera mugatu nahi duena».

Aurrerantzean, besteak beste, «klase aliantzak eta klase arteko akordioak» bilatuz ariko dira. Aliantza politiko, sozial eta sindikal handi bat nahi du LABek, eta horretarako prest dago negoziaziorako jokaleku berriak eraikitzeko, «baita erakunde eta enpresariekin ere», baina ezinbesteko oinarri batekin: «Krisiari erantzuteko politikak aldatzea».

Maiatzaren Lehenaren atarian langileen aurrean LABek hartutako konpromisoen artean borroka nagusiak zerrendatu zituen sindikatuko buruak: 35 orduak, 1.200 euroko gutxieneko soldata, laguntza duinak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza duina.

Sindikatuak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat azaldu zuen Etxaidek langileen arteko zatiketari erreparatuta. «Langile klasea ez da sekula gaur bezain zatitua egon. Inertzia eta korporatibismoaren gainetik, langile klase guztientzako sindikatua izateko konpromisoa gure egiten dugu». Erantzun kolektiboen aldekoa da LAB; «baina gaur egun mobilizazioa ez da nahikoa; estrategia berriak behar ditugu» esan zuen Rafa Diezen argazkiari begiratuta; harentzat «besarkada gorri eta sendoa» bidali zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.