Irtenbide bat eskatu dute Infernutik bota dituztenentzat

Sei elkartek «harrigarritzat» jo dute herenegun kaleratutako 60 herritarrak «noraezean» utzi izana, eta «alternatiba duin bat» eskatu dute

Erredakzioa
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Emaus, Caritas Gipuzkoa, Loiola Etxea, Arrats, Herritarron Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria elkarteek ohar bateratu bat plazaratu zuten atzo, herenegun Donostiako Infernuko eremua hustu izanagatik «harridura» agertzeko, eta kanporatutako 60 herritarrentzat alternatibak eskatzeko. Elkarteek azaldu dute 60 herritar inguru «kalean noraezean» utzi zituztela, «bizileku alternatiba duin bat eskaini gabe».

Oharrean azaldu dutenez, poztu egin dira hustearen aurkako protestak baketsuak izan zirelako, baina gogorarazi dute gizarte erakundeak «aspalditik» ari direla administrazioari ohartarazten «gizarte eta bizitoki alternatibak antolatzeko beharra» dutela, jendea «leku desegoki horretatik ateratzeko, non bizigarritasun eta segurtasun baldintza duinik ez dagoen», eta haren ordez leku egoki bat emateko «nahitaez bete behar diren oinarrizko beharrak, hau da, elikadura eta higienea, bermatzen dituena». Hori ikusirik, «harrigarritzat» jo dute etxegabetzeak alarma egoera betean egitea, «guztion onerako etxeko konfinamendua eskatzen duen osasun egoera larria denean». Erantsi dutenez, administrazioek elkarteokin elkarlanean martxotik aurrera Infernuko kolektiboarekin egindako «ahalegin ekonomiko eta soziala» ez da «behar adina mantendu haien gizarteratze prozesua babesteko».

Hori dela eta, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete «dagozkien eskumenekin» 60 pertsona horien egoerari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.