Kilometroak, martxan

'Ni, hi, hura... ikastola mundura!' lelopean antolatuko du Kilometroak jaia Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak. Urriaren 6an izango da

Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldia, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Urte osoko lanari ekin diote Zarauzko (Gipuzkoa) Salbatore Mitxelena ikastolako kideek. 2019ko Kilometroak antolatzeko ardura dute, eta atzo egin zuten aurkezpena. Urriaren 6an ospatuko dute jaia, Ni, hi, hura... ikastola mundura! lelopean. Datorren urtekoa izango da orain arteko jai ereduan ospatuko den azken Kilometroak festa.

Zarauzko kiroldegian egin zuten ekitaldia, atzo iluntzean. Lehendabizikoz erakutsi zuten logoa, eta antzerki bidez jakinarazi zuten zein diren Kilometroetan jorratu nahi dituzten balioak. «Oinarrietatik etorkizuna lantzeko erronka» dutela adierazi zuten ekitaldiko parte hartzaileek. Ni, hi, hura fusioaren bitartez, «auzolana eta elkarlana» irudikatu nahi dituzte. Tradizioa eta modernitatea uztartzen saiatu dira, hainbat dantzaren bidez. Prestatu dituzten jantzien lagin bat ere aurkeztu zuten.

Etorkizunera begira

Ikastolarekin lotura duen jendea batzen ahalegindu ziren aurkezpenean. Salbatore Mitxelenaren sorreran aritu ziren zenbait lagun izan ziren ekitaldian. «Kabia bat egin zioten euskarari», eta habia horretatik atera ziren ikuskizunean ikastolan hasi berri diren bi haur, lekukoa eskuan zutela. Azpimarratu zuten Salbatore Mitxelena «munduratu den eta munduratzea helburu duen» ikastola bat dela.

Herriko ordezkaritza ere bildu zen ikuskizunera, bai ordezkari politikoak, bai gizarte mugimenduetako kideak.

Hirugarrenez antolatuko du Kilometroak festa Salbatore Mitxelena ikastolak. 1987an egin zuen lehenbizikoz, eta 2004an prestatu zuten bigarrena, Orioko ikastolarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.