Sindikatuek ez dute gurasotasun baimenen dekretua babestu

Jaurlaritzak enplegu publikoko lege proiektutik kanpo utzi du neurria, eta sindikatuak kexu agertu dira. Irailaren 1erako nahi du indarrean

Gurasotasun baimenekin lotutako protesta bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak irailean jarriko ditu indarrean EAE Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoentzako guraso baimenak. Enplegu publikoa arautzeko lege proiektutik kanpo utzi du neurria, eta dekretu bidez onartu nahi du, baina sindikatuak kexu agertu dira. Enplegu publikoko egitasmoan, hamasei astekoak ziren baimenak. Dekretuaren bidez, hemezortzikoak izatea proposatu du gobernuak. Horren arabera, langile publiko diren guraso guztiek —sexu berekoek, biologiko zein ez-biologikoek eta guraso bakarreko familietakoek— izango lukete hemezortzi asteko baimena hartzeko eskubidea, eta soldata osoa jasoko lukete. Jaurlaritzaren menpeko administrazioan lan egiten duten 70.000 beharginei eragingo lieke neurriak.

Jaurlaritza sindikatuekin bildu zen atzo, Administrazio Publikoko Mahai Orokorrean, eta, UGT salbu, ordezkaritza duten guztiak azaldu ziren egitasmoaren aurka. LABek bileratik alde egin zuen, eta ELAk eta CCOOk ez zuten babestu. Nolanahi den, Jaurlaritzak jakinarazi du hurrengo gobernu kontseiluan onartuko duela dekretua, irailaren 1ean indarrean sartu ahal izateko.

«Propaganda»

LABen arabera, Jaurlaritzaren proposamenak ez dakar berritasunik. Gogoratu du amatasun baimenen iraupen «bera» jasotzen duela, eta 24 astekoa proposatu du. «Propagandatzat» jo du neurria. Antzera mintzatu da CCOO. Harentzat ere «erabat populista» da egitasmoa. Kritikatu du gobernuak Administrazio Publikoko Mahaira neurri hori soilik eraman duela, eta kanpoan utzi dituela langile publikoen lan baldintzekin loturiko besteak, baita berdintasun lege bat egitea ere.

ELAk ohartarazi du gobernuak ez daukala negoziatzeko «borondaterik», eta mobilizazioa beharko dela. «Benetako berdintasun politikak» ezartzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.