Burgos50 taldea aurkeztu dute, independentismoa sustatzeko

Burgosko Prozesuaren 50. urtemugan, esan dute indartsua dela independentismoaren eskaintza. Hainbat ekitaldi egingo dituzte

Burgos50 taldearen aurkezpena, igandean, Eibarren. RAUL BOGAJO / FOKU.
Erredakzioa
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Burgosko Prozesuan epaitu zituzten eta gerora independentismoaren borrokan aritu diren zenbait pertsonak Burgos50 taldea sortu dute, eta Eibarren ekitaldia egin zuten igandean, taldea aurkezteko. Itziar Aizpuruak eta Olaia Matxainek adierazpenean esan zuten independentismoa «eskaintza politiko indartsua dela Euskal Herrian, beste eskaintza politikoekin lehiatzeko prest dagoena».

Sabino Cuadrak lehenik eta behin testuinguruan jarri zuen Burgosko Prozesua. «Lezio bat eman nahi zien bere aurka altxatu ziren gazte haiei, eta bide batez Euskal Herriari. Baina bumeran bilakatu zen». Adierazi zuen belaunaldi hark ikasi zuela borrokatuz gauzak lor zitezkeela, eta geroztik borroka asko egon direla, «burujabetzaren aldeko mugimendu zabalak antolatu dira, eta garaipenak eskuratu dituzte».

Aizpuruak eta Matxainek, berriz, adierazpena irakurri zuten. Duela 50 urte bezala, egun ere «Euskal Herriari hitza eta erabakia ukatzen zaio», esan zutenez, eta euskal errepublikaren alde lanean segitzeko prestasuna berretsi zuten. Horren harira esan zuten «independentziaren beharra eskaintza politiko indartsua» dela, eta «beste eskaintza politikoekin aurrez aurre lehiatzeko prestatua dagoela Euskal Herrian».

Eibarren egin zuten aurkezpena, herenegun. Burgosko Prozesua izan zen egunetan milaka pertsona atera ziren kalera Euskal Herrian. Protesta biziak egon ziren, eta poliziaren oldarraldi bortitzak ere bai. Haietako batean hil zuten tiroz Roberto Perez Jauregi manifestazio batean, Eibarren.

Burgos50 taldeak hainbat ekitaldi egingo ditu abenduan. Pandemiak hasierako aurreikuspena asko baldintzatu du, baina zenbait ekitaldiri eutsi egin diete, segurtasun neurriekin bada ere. Perez Jauregiren omenez, abenduaren 10ean egingo dute bat Eibarren. Antonio Goñiren omenez beste bat, Etxarri Aranatzen, hura ere garai hartan hila. Ekitaldi nazionala 19an izango da, telematikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.