Bultzada Kontzertuari

EAEko erakundeetako eta ordezkaritza duten alderdi guztietako buruek babesa agertu diote Kontzertu Ekonomikoari, lehen aldiz ezarri zenetik 140 urtera

Alderdietako, sindikatuetako eta enpresa munduko ordezkariak. M.RAMIREZ / ARP.
Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bada ironikoa. Porrot baten ospakizunak herri honetan gutxitan ikusten den babes instituzional eta politikoa bereganatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde eta ordezkaritza duten alderdi guztietako buruzagiak, eta gizarte zibil eta ekonomikoaren ordezkaritza zabal bat elkartu ziren atzo, Bilboko Arriaga antzokian, Kontzertu Ekonomikoaren alde egindako ekitaldian.

Atzo betetzen ziren 140 urte Espainiako Gobernuak dekretu bidez lehen kontzertua onartu zutenetik. Karlistadak galduta eta foruak ezabatuta, Espainiako sistema instituzionalean sartu ziren azkenik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Harrezkero indarrean egon da Kontzertua, garaian garaiko gorabeherekin, eta frankismoaren ondoren hiru herrialde horien autogobernuaren zutabe nagusi bihurtzeraino iritsi da.

Ez da harritzekoa urtemuga Kontzertuaren alde egiteko baliatu nahi izatea. Kontzertuan oinarritutako finantza sistemari egindako kritikak eta erasoak biderkatu dira azken garaiotan, bereziki joan den maiatzean kupoaren legea eguneratzeko akordioa sinatu zenetik. Ciudadanos da alderdi gisa Kontzertuaren aurka ofizialki ageri den alderdi bakarra, baina ez dira gutxi izan auzitan jarri duten PPko nahiz PSOEko erkidegoetako liderrak.

Eraso horiek sortu duten kezka nabaria zen ekitaldian, eta baitahorren harira Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek onartu zuten adierazpen instituzionalean ere. «Inoiz baino behar handiagoa dago deskalifikazioei aurre egiteko; batzuk zentzugabeak dira, beste batzuk, berriz, interesatuak», ohartarazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, ekitaldiaren amaiera gisa hitzartutako testuaren laburpena irakurri zuenean.

Interpretazio «gaiztoen» helburu bakarra hauteskundeetan emaitza hobeak izatea dela uste dute erakundeek, eta hori lortzeko lurralde batzuk besteen aurka jartzea ez dela «zilegi». Hori dela eta, pedagogia esparru politikora zabaltzeko borondatea ere ageri da. «Alderdiek ulertu beharko lukete itunak lehiatik kanpo egon beharko lukeela», azpimarratu zuen Urkulluk, hala EAEko erakundeentzat nola estatuarentzat «onuragarria» izan delako.

Atzoko irudiaren atzean Pedro Luis Uriartek egindako lana dago, baita ere. Aro garaikideko lehen Kontzertua negoziatu zuen Ogasun sailburuak pare bat urte daramatza horren aldeko elkarte zibikoa sustatzen, Gurea, kontzertua lelopean. Kontzertua gizarteratzeko eta defendatzeko asmoz egindako lana da, eta adierazpenean ere islatu da kontra egin nahi dioten indarrentzat ohar argi bat. «Geure erakundeek ez diote sekula eta inolaz ere uko egingo errealitate horri, eta geure gain konpromisoa hartzen dugu tresna hori babestu, eguneratu eta sendotzeko, betiere euskal gizartearen zerbitzura».

Agiriak euskal gizarte horri berari eskatu dio agiriak «konpromiso handiagoa» izan dezala Kontzertu Ekonomikoaren alde, eta babes dezala ituna ezagutarazteko, zabaltzeko eta babesteko egiten ari den ahalegina. Adierazpenarekin bat egitea ere bultzatuko dute erakunde publikoek.

Aretoan eta pantailan

Kontzertua gizarteratzeko ahalegin horren parte da Euskal Telebistak ekoitzi duen Por derecho propio (Eskubide osoz) dokumentala. 1476. urtean Fernando V.a Gaztelako erregeak Gernikan foruen zina egin zutenetik abiatuta, foruen galera eta Kontzertu sistemaren jatorria azaltzen ditu, ordubetez. Atzo estreinatu zuten Arriagan, eta gaur lehen aldiz emango dute telebistan, ETBko bigarren katean. Carlos Garaikoetxea, Pedro Luis Uriarte, Mari Carmen Gallastegi, Martin Villa, eta Cristobal Montororen lekukotzak biltzen ditu saioak, hainbat euskal historialariren iritziekin batera. Maite Ibañezek eta Begoña Atinek zuzendu dute.

Ekitaldiaren aurretik eta ondoren bi argazki instituzional egin zituzten erakundeetako ordezkariek. Lehendakaria, egungo hiru ahaldun nagusiak eta ahaldun nagusi ohi batzuk —Josu Bergara, Roman Sudupe eta Jose Luis Bilbao—, eta Eusko Legebiltzarreko eta batzar nagusietako presidenteak elkartu zituen.

Argazki ofizialak islatu ez zuen pluraltasun politikoa ikusi zen antzokiko eserlekuetan. EAJko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Miren Larrion, Elkarrekin Podemoseko Lander Martinez eta Julen Bollain, PSE-EEko Idoia Mendia eta Jose Antonio Pastor, eta PPko Leopoldo Barreda eta Anton Danborenea zeuden, besteak beste, antzokian.

Hiru hiriburuetako alkateak, Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea, Gregorio Rojo Eusko Ganberak elkartekoa, Loli Garcia CCOOko idazkaria, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko burua eta Nekane Balluerka EHUko errektorea zeuden aretoan, besteak beste.

Kontzertuak adostasuna sortu zuen, baina ez hainbeste horren aplikazioak. Arriagako kanpoaldean, Argilan elkarteko manifestari talde batek oihuka hartu zituen gonbidatuak, DSBEari egin zaizkion murrizketak amaitzea exijitzen zuen pankarta batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.