Gerrillari ohi bat aukeratu dute Bougainvilleko presidente

Botoen %60 eskuratu ditu Ishmail Toroamak. Independentziarako negoziazioak zuzentzea izango da bere legealdiko egiteko nagusia

Ishmail Toroama, Bougainvilleko presidente hautatua. BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Abuztuaren 12tik irailaren 1era bitartean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Bougainvilleko eskualde autonomoan. Orotara bost hautagai aurkeztu dira kargurako, eta horietatik Ishmail Toroama nagusitu da, botoen %60 eskuratuta. Bougainvilleko Armada Iraultzaileko gerrillari izandakoa da Toroama. Harekiko elkarrizketak hasteko prest agertu da Papua Ginea Berriko lehen ministro James Marape.

«Zuzen jokatu dugu; ez diegu hautesleei ordaindu eta ez ditugu beldurtu. Jainkoak eman dien jakinduria baliatu du jendeak hautagai egokiaren alde egiteko», esan du Toroamak emaitzen berri izan duenean. Lurraldearen independentzia lortzeko negoziazioak bideratzea izango da orain gerrillari ohiaren egiteko nagusia. Kanpainan, Toroamak berak iragarri zuen «bi edo hiru urtean» errealitate bilakatuko zuela iaz erreferendumean herritarrek eskatutakoa, Papua Ginea Berritik askatzea, alegia, eta aurreko gobernuei leporatu zien ez zutela «nahikoa» egin independentzia lortzeko.

1988an armak hartu zituzten herritarretako bat izan zen Toroama. Ordu hartan, Rio Tinto enpresak kudeatzen zuen Panguna meategiaren inguruan bizi ziren herritarrak matxinatu egin ziren, meategiko lanek eragiten zuten kaltea salatzeko eta irabazien banaketarekin bat ez zetozelako. Papua Ginea Berriko armada Australiako Rio Tinto enpresaren defentsan irten zen, eta hamar urte baino gehiago luzatu zen gatazka bat piztu. Uharteko herritarren %10 inguru hil ziren Bougainvilleko Armada Iraultzailearen eta Papua Ginea Berriko militarren arteko borroketan.

Toroama bera izan zen 2001ean bake akordioa sinatu zuten gerrillarietako bat. Akordioan jasotzen zen Bougainville eta Buka uharteak eta hainbat atoloik osatzen duten eskualde autonomoan independentziari buruzko erreferendum bat egiteko aukera. Galdeketa iaz egin zuten uharteetan, eta baiezkoak irabazi zuen, botoen %97,7rekin.

Natur baliabideetan aberatsa da Bougainville. Ozeano Bareko urre eta kobre meategirik handieneko bat du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.