EBko aurrekontuen %30 soilik nekazaritzarako, inoizko kopuru txikiena

2021etik 2027ra bitarteko Nekazaritza Politika Bateraturako aurrekontua %5 txikituko dute 'brexit'-aren ostean. Sei herrialde kontra daude. EBk «malgutu» egin nahi ditu diru laguntzak

Nekazari bat lurra lantzen, Tuliglowy herrian (Polonia). DAREK DELMANOWICZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Brexit-aren osteko lehenengo NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren aurrekontua %5 txikiagoa izango da. Europako Batzordeak atzo aurkeztu zuen 2021-2027 aldirako nekazaritzarako aurrekontua, eta, guztira, 365.000 milioi eurokoa izango da. Europako Batasuneko aurrekontuen zatirik handiena izango da, baina pisua txikituta. Orain aurrekontuen %37 hartzen du nekazaritzak, eta aurrerantzean %30 baino ez du hartuko; duela bi hamarkada %50 zen.

Erresuma Batua batasunetik joateak 12.000 milioi euro gutxiago utziko ditu EB Europako Batasuneko aurrekontuetan, eta zuloa igarriko da NPBn ere. Diru gutxiago dago banatzeko, baina banaketa egiteko moduan ere aldaketak proposatu ditu Phil Hogan EBko Nekazaritza komisarioak: ustiategi bakoitzak jasotzeko diru laguntzek muga bat izango dute aurrerantzean, 60.000 eta 100.000 euro bitartekoa. Neurri horrekin, komisarioak espero du herrialdeei «aukera egiteko tartea» ematea, eta, azken finean, ustiategi txiki eta ertainak hobestea, «Europako familiako nekazaritza ereduaren bihotza direlako».

Diru laguntzei muga jartzeaz gain, Bruselak «malgutasun» handiagoa eskaini nahi die estatu kideei diru laguntzen banaketa antolatzeko garaian, «neurrira egindako programak» egiteko aukera emanez. Hori dela eta, Hoganek proposatu du herrialdeei aukera ematea diru kopuruak mugitu ahal izateko zuzeneko laguntzen sailetik nekazaritzaren garapeneko sailera, eta alderantziz. Betiere, batetik besterako aldaketak %15eko muga izango luke.

Halaber, herrialdeek gutxienez diru laguntzen %2 gorde beharko dituzte zuzeneko laguntzetarako, eta diru hori nekazari gazteen ustiategiak laguntzeko erabili.

Proposamenak, aurrera egin ahal izateko, estatu kideen babesa jaso behar du oraindik. Baina ez dirudi testuak bere horretan aurrera egingo duenik, sei herrialdek NPBren murrizketen kontrako adierazpen bat sinatu berri baitute: Espainiak, Finlandiak, Frantziak, Greziak, Irlandak eta Portugalek. Gainera, adierazpenera batzeko atea zabalik utzi diete gainontzeko bazkideei.

Datozen hilabeteetan aurrekontua negoziatzen jarraitu nahi dute, badagoelakoan tartea laguntzak hobetzeko. Diru gehiago jar daitekeela uste dute nekazaritza sektoreko elkarteek ere. 2021-2027ko aurrekontuetarako estatu kideek BPGaren %1,11 jarriko dute: orain baino gehixeago (%1,03), baina nekazariek eskatu baino gutxiago (%1,3).

Ikusteko dago Euskal Herrian zelan igarriko den aurrekontuen %5eko murrizketa. Denera, nekazariek 220 milioi euro jasotzen dituzte: 92,5 milioi Nafarroan, 79 milioi Ipar Euskal Herrian eta 48 milioi euro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.