Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Hur ala urrun

2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Opor sasoiaren aurreko azken artikulu honetan, ohiko politika kontuak alde batera utzi eta uda giroko kultur gomendio bat egingo dut, despedida gisa. Halakoetan, gustuko film, liburu edo disko bat aholkatu ohi dugu, zirrara edo algara eragin digula-eta. Beste batzuetan, aldiz, bata bestearen atzetik gozatu ditugun bi obra dira, elkarren ondoan jarrita, kontrastez-edo, zer pentsatua ematen digutenak. Halakoxea da gaurko iradokizuna ere.

Donostian aurreko batean, bi erakusketa ikusi nituen igande goiz batean: Pop, pop, pop izenekoa Kursaal eraikinean eta Cespedosa deritzana Tabakaleran. Biak ere Kutxaren aretoak dira, eta ez dakit arduradun bakar batek programatu ote dituen biak, baina edozein modutan ez daude batera ikusteko pentsatuta: izan ere, lehenengoa uda osoan egongo da ikusgai, eta bigarrena, udaberrian zabalik egon ondoren, igande honetan bertan itxiko da. Beraz, aste hondar hau geratzen zaio biak bata bestearen segidan gozatzeko esperientzia bizi nahi duenari.

Zer ikusiko du bisitariak batean zein bestean? Kursaaleko Kubo aretora sartzen denak Amerikako Estatu Batuetako Pop Art mugimenduaren lagin eder bat topatuko du bertan, eta gure zibilizazioaren ikur bihurtu diren hainbat irudi ikoniko: Andy Warhol-ek egindako Marilyn Monroeren aurpegi margotua, edo Campbell zopa-poto ospetsua, esate baterako; gehi Roy Lichtenstein-ek tamaina handira eramandako komikietako biñeta eta bunbuiloak, edo Robert Rauschenberg-en collage eta serigrafiak; ikusgai daude orobat aurten hildako Robert Indianak zenbaki eta letren tipografiekin egindako lanak, nik lehenago ezagutzen ez nituenak, baita adinez beste belaunaldi batekoa den baina estetikoki poparen barruan koka litekeen Keith Haring-en marrazki bizi eta sujerikorrak.

Tabakalerako Artegunera joanez gero, berriz, Cespedosa de Tormesen sartuko zara: Salamancako herritxo bat, 500 biztanle dituena. Bertan sortu eta hazi ziren Juan Manuel Castro Pietro fotografoaren gurasoak, eta bertako jendea erretratatu du argazkilari horrek azken 40 urteetan zehar: gaztelako etxe zaharretako sukalde zaharretan, lasai, duin, jakituria isil baten jabe ageri diren andre-gizon adinekoak edo jolasean bihurri eta bixi imajinatzen dituzun haurrak, misteriozko aire batean bildutako edertasunez jantziriko argazkiak, teknika diferentez eginak, baina errealitatearen ispilu izatearen sentsazio zail bezain landuaz lortuak.

Eta zergatik erakusketa biak, bata bestearen ondoan? Ez daukat erantzun biribil bat, sentsazio lauso bat baino. Batean, XX. mendearen bigarren erdian kapitalismoaren bihotzean sorturiko arte mugimendu modernoaren flash bat iritsiko zaizu, duela 50 urte inguru AEBetik mundu osora arin bezain sakon zabaldu zena, ez museoen eraginez baizik hedabideen bitartez. Bestean, Espainiako nekazari-herri galduetako bizimodu apal, pobre, erdi-ahaztua, aspaldiko mendeetatik arrastaka datorrena baina oraindik taupaka dirauena, gure baserrietatik ez hain desberdina, hemendik 400 bat kilometrora.

Modu eta arrazoi desberdinengatik, bi munduak zaizkit hurbilak, hurrekoak, ezagunak; eta, aldi berean, bere sakonean urrunak, arrotzak, harrapagaitzak. Ikusle bakoitzak erabakiko du non hunkitu, zerekin dibertitu. Ni, pentsatzen geratu naiz arte-ikuspegi biak kontrajarriak ote diren ala elkarren osagarriak; bietatik zein den unibertsalago, zein lokalago, zeinek atzematen duen ongien unearen esentzia, zeinekin identifikatuko litzatekeen nor eta zergatik, zer sentituko duten hemendik demagun mende pare batera batzuk eta besteak ikusiko lituzkeen gizakiaren begiek. Pop pop pop, Cespedosa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.