Pekinen setio diplomatikoa

Taiwan Txinaren ordezkari legitimotzat onartzeari utzi diote Ozeaniako bi estatuk, eta soilik hamabortz estatuk eusten diote orain

mikel rodriguez
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Txinako gerra zibilaren ondoren (1946-1949), Kuomintang alderdi nazionalista Taiwan uhartean babestu zen. Chian Kai-shek buruzagi nazionalistak Txinako Errepublikaren gobernua Taiwanen ezarri zuen, eta Txinako ordezkari legitimoa hura zela aldarrikatu zuen, gerra irabazi zutenek sortu zuten estatu berria izan beharrean —Txinako Herri Errepublika—. Lehenbiziko urteetan Chiang buru zuen errepublikak mantendu zuen herrialde gehienen onarpena, baina urteak aitzinera egin ahala errealitatea gailendu, eta Txinako Herri Errepublika bihurtu zen Txinaren ordezkari eztabaidaezina. Erabat itxi gabeko atala da, ordea, Taiwanek Pekinen kontroletik at segitzen baitu. Aste honetan bertan azaleratu da gatazka horren ondorioetako bat: bi herrialdek, Kiribatik eta Solomon uharteek, Taiwan alde batera utzi, eta Pekingo gobernua onartu dute Txinaren ordezkari bakartzat. Hamabortz aliatu baino ez zaizkio gelditzen Txinako Errepublikari.

Kiribatik atzo jakinarazi zuen erabakia. Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak hori deitoratu zuen, baina hauteskundeen logika soil batekin lotu zuen; alegia, Txinak Tsairen hautagaitza boikotatu nahi duela heldu den urteko bozak Kuomintangek irabaz ditzan, alderdi nazionalista Pekinekin harremanak estutzearen alde baitago. Tsaik 2016an hartu zuen boterea, eta ordutik zazpi herrialdek utzi diote Taiwan Txinaren ordezkari legitimotzat onartzeari.

Ozeaniaren garrantzia

Herrialde horietako gehienak Latinoamerikakoak eta Ozeanikoak dira, gaur egun onarpenari eusten dioten hamabortzak bezala. Txinarentzat eremu estrategikoak dira horiek, batez ere Ozeania, AEBen eraginari aurre egiteko garrantzi handia hartu baitute artxipelagoz osatuta dauden hango errepublikek. «Txina Kiribatin infiltratu da, enpresak ezarrita eta inbertsioak erabilita», kexatu zen atzo Joseph Wu Taiwango Atzerri ministroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.