Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Poesiaren hegoek

2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Zerbait eginen genuela erran zidan. Pertsona bakar bat baizik ez bazen ere merezi zuela aitzina jotzea.

Egia aitortu behar badut, nik asmoa bertan behera utziko nuen aise, bi-biak suertatuko ginela aurreikusita, buruz-buruko saioari ez bainion interes handirik atzematen. Baina bere grina transmititu zidan, aspalditik ari baitzaio poesiaren hauspoari eragiten. Animatu ninduen, eta nahiko baikor abiatu nintzen.

Arratsaldeko lauetan genuen hitzordua Baltsanen. Bertan bazkaltzen ari ziren hogei lagunen harramantza autotik jaitsi orduko sumatu nuen. Alaitasunak eta lagunarteko giroak sortzen duten dezibel mailagatik, pattarraren ordua ez zatekeen urrun. Atetik hurbildu eta kafe usainak arrazoia eman zidan.

Ez nintzen sartzera ausartu. Atarian egon nintzen besteen zain. Biak iritsi ziren une hartantxe, asmoaren sustatzaileak biak.

Gizonak opari bana eskaini zigun emakumeoi: zizak! Berak goizean atzemandako udaberriko ziza ederrak!

Txoko sekretua omen du, magikoa dela erran du, eta hitz horrek Senpere inguruko oihan misteriotsuaren irudia sortu du nigan: poeta-druida lainopean xarmadura ahapetik botatzen ari, formula bakoitzaren ondotik ziza agertzen zaiola.

Poesia tailerra, beraz. Horixe zen larunbat hartan gauzatu nahi genuena. Eta Ziburukoa nire esku...

Uraren gaia hautatu nuen, nonbaitik hasteko. Ura izanen zen ibilbidean zehar eramanen gintuena.

Momentuko, zerutik ez zuen ari... hainbat hobe.

Motxilan neramana erakutsi nien: orri zuriak, koloretako axotak, Pako Aristiren poema liburua, eta oinez abiatu ginen Ziburuko karrika hertsiei buruz, plazaren gibelaldean kokatua den iturri zaharreraino.

Bidean autoan zetorren laugarren kidea ezagutu genuen. Biarritzetik heldu zen eta galduta zebilen, elkartea bilatu ezinik. Ia-ia etxera itzultzekotan zegoen gurekin topo egin zuelarik. Lau izanen ginen, hastapeneko aurreikuspenak bikoiztuta.

Iturrira iritsi ginen. 1676an eraikia izan zen, auzo bakoitzak berea bazuen garaian, eta hau da Ziburun gelditzen zaiguna. Obelisko txiki baten itxura du, plaza polit eta babestu baten erdian kokatua da. Ziburuko armarriak zizelkatuak ditu saihetsetan. Agortuta dago gaur egun, baina emankor zegoeneko argazkia ikus daiteke azalpenak ematen dituen plakan, dutxuluetatik ura ausarki isurtzen zela auzokoek pegarrak nola betetzen zituzten lekuko.

Pako Aristiren Itsasoari begira olerkia irakurri genuen. Bere jabea tiraka zeraman txakur batek plazatxoa zeharkatu zuen, eta iturri xaharreko putzutik edan.

Etxe gorriei begira egon ginen, harri zaharrak ferekatu eta itsas aldera jo genuen, hori baitzen prestatu nuen bigarren geldialdia. Itsasbehera. Itsasoa harrotzen hasi zen, haizea gure ilean jostalari. Gure poeta gidariari metxoi bat altxatzen zitzaion haize ukaldi bakoitzean, apaintzen zuen eremu soildua agerian utzirik, ondoko ufadak bere lekura ekartzen zuen arte. Emakumeon ilea dantzan zebilen, basati kutsua emanez gure orrazkera zainduei.

Itsasbeherak eskaintzen zigun hondartzaraino jaitsi ginen. Txotxak atera nituen motxilatik, nahi zuenak hondar hezean idazteko erabil zitzan.

Orduan ohartu nintzen noiztik ez nuen nik plazer sinple hura hartu... hondar hezean idaztearen plazer natural eta sinplea... mugan idatzi eta urak ezabatuko zuela jakinik, lehenik zein hizki janen zuen asmatuz jostatu nintzen: bizi hitza libratu zen uhinen mihi gosetitik.

Larunbat arratsalde hartan Ziburuko karriketan barna laukote berezia ibili zen, anakronikoa, bitxia, eta «poesia ez zait gustatzen!» behin erran zidan gizonezkoa jin zitzaidan gogora. «Ez da ulertzen, ez du ezertarako balio», gehitu zuen.

Hala izanen da agian. Gure laukote xelebrea ere ez zatekeen ulergarria, eta ez dakit ezertarako balio duenez. Horregatik utzi al dit hain oroitzapen bizia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.