Palestinako gerra krimenak ikertuko ditu Hagako auzitegiak

2014ko ekainetik aurrera gatazkaren bi aldeek zibilen aurka egindako erasoak ikertuko ditu. PANek txalotu egin du, eta Israelek, gaitzetsi

Israelgo soldaduak haur bat galdekatzen, Hebronen (Palestina). ABED AL HASHLAMOUN / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Nazioarteko Zigor Auzitegiak aspalditik jarria zuen lupa Palestinako gatazkan, eta atzo jakinarazi zuen ikerketa formal bat abiatuko duela, argitzeko ea herrialde horretan gerra krimenik izan den. Auzitegiak otsailean ebatzi zuen horretarako eskumena duela, Palestina NZAko estatu kide delako.

Fatou Bensouda fiskalburuak jakinarazi zuen 2014ko ekainaren 13tik aurrerako gertakariak eta «auzitegiaren eskumenekoak» direnak ikertuko dituztela. Israelek okupatutako lurraldean gatazkan parte hartu duten bi aldeek zibilei egindako erasoak izango ditu aztergai. Fiskalak hitzeman zuen modu «independentean, inpartzialean eta objektiboan» jardungo dutela: «Azken batean, gure kezka nagusia krimenen biktima izan direnengan zentratuko da, izan palestinarrak edo israeldarrak».

Fiskalak Israelgo armadaren eta Hamasen jarduna bereziki aztertuko dituela espero daiteke, 2019ko abenduan Zisjordanian, Jerusalem ekialdean eta Gazan gertatutako gerra krimenen erantzule nagusi egin baitzituen. Fiskaltzak bere ekinbidea «arau hausle nabarmenetan edo delituen ustezko arduradunetan» zentratuko duela esan zuen atzo.

PAN: «Esperotako urratsa»

«Pozik» jaso zuen erabakia PAN Palestinako Aginte Nazionalak.«Denbora luzez esperotako urrats bat izan da, justiziaren bilaketa neketsurako eta kontuak emateko balioko duena», adierazi zuen Atzerri Ministerioak, ohar batean. Erantsi zuen «potentzia okupatzaileko funtzionarioek egindako krimenak etengabeak, sistematikoak eta orokorrak» direla, eta ikerketa «urgentziaz» egiteko eskatu zuen, haren emaitzak «azkar» izateko. Horretarako, elkarlanerako eskua luzatu zien NZAri eta fiskalari.

Hamasek ere txalotu zuen berria. «Gure herriko biktimentzako justizia lortzeko bidean urrats garrantzitsua da», esan zion Hazem Qassem erakundeko bozeramaileak Reuters berri agentziari. Haien jarduna ere defendatu zuen: «Gure erresistentzia zilegia da, gure herria defendatzeko. Nazioarteko lege guztiek onartzen dute zilegizko erresistentzia».

Oso bestelako erreakzioak iritsi ziren Tel Avivetik. Ikerketa abiatzeko erabakiak sumindu egin zuen Israel, eta suhar hitz egin zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak, sarean zabaldutako bideo batean: «Funtsa antisemitismoan eta hipokrisian duen erabaki bat hartu du auzitegi partzial batek. Ebatzi du gure soldadu heroiko eta gizabidetsuak, munduko terroristarik krudelenen kontra aritzen diren horiek, ez direla gerra kriminalak baino». Are, Israelgo Estatua «erasoa» izaten ari dela esan zuen, eta hitzeman soldadu, komandante eta herritar oro babestuko dituela. Auzitegia bera ere kritikatu zuen: «Naziek herri juduaren aurka egindako ankerkeriak eragozteko sortutako auzitegia herri juduaren estatuaren aurkakoa bihurtu da. Ez du hitzik esan Iran, Siria eta egiazko gerra krimenak egiten ari diren beste diktadurez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.