Danel Agirre.
SASKI DA!

Genero propio bat ondare moduan

2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Bi, hiru edo lau pauso. NBAko izarrak kasik marka erregistratu bilakatzen duten mugimendu kutunen batek bereizi ohi ditu: signature move delakoak. Kareem Abdul-Jabbarren sky hook gakoa edo Hakeem Olajuwonen dream shake saskipeko jirabira dira bi adibide klasiko. James Hardenen kasuan, truko zehatz bat ez, baizik genero bitxi bat lagako du ondare moduan: arbitratu ezinezko jokaldiena. Punpa eginez atzeraka egin eta hirukoa jaurtitzeko mila modu asmatu ditu. Pauso europarraren beste horrenbeste aldaera. Maniobra horietan bi, hiru edo lau urrats egiten dituen batek daki. Defendatzailea metro erdira hurbiltzen zaionean, hura endredatu eta falta eskuratzeko trikimailu andana du. Araudiaren mugak esploratzen ditu aipatu baliabideekin. Errepertorioa benetan da bihurria, bakarkako lan saioetan urtetan findua. Eta ondorio xelebrea du: eskarmentu handiko epaileek egunak eman ditzakete sare sozialetan Houstoneko eskoltaren azken burutazioa arauzkoa ote den eztabaidatzen. 41 puntu, bederatzi asistentzia eta zazpi erreboteko batezbestekoak pilatu ditu azken hamar partidetan: amarru burutsuak baino askoz gehiago behar da horretarako, bistakoa da. Aipatu jokaldiak balekoak ote diren asmatzea, ordea, Rocketsen emanaldien pizgarri bakarra da ia: Hardenen eta haren taldekideen hiruko saiakeren akelarreak benetan dira jasanezinak.

Lotsabako maniobra. LeBron Jamesek Anthony Davisekin jokatu nahiko lukeela azaleratu zuen joan den astean. Munduko lehiaketa gehienetan ele-mele hutsal litzatekeena anatema da NBAn: profesional batek beste frankizia bateko izarra limurtzerik ez du nahi ligak, jokalarien trukaketetan eman ohi diren negoziazioak baldintza ditzakeelako marmar horrek. Davisi kaskoak berotuz gero, taldetik irtetea eska lezake horrek, eta New Orleans Pelicansen kirol egitasmo osoa kolokan ipini. Hiri txikiak —merkatu txikiak— defendatzeko hainbat mekanismo ditu NBAk, 30 jabeen inbertsioak babeste aldera. James zigortzera ez da ausartu Adam Silver komisionatua, baina memorandum bat helarazi die zuzendaritzei, Lakersekoaren moduko jokabideak onartezinak direla gogorarazteko. Protagonista berberak izan zituen antzeko kasu batean, hartan Pelicanseko Chris Paul Lakersera bidali behar zuen jokalari trukeari betoa ipini zion David Stern komisionatu ohiak 2011n. Silverren agintea ez du Sternena bezain zorrotza, eta litekeena da berandu baino lehen Davisek Jamesen alboan horiz jantzita bukatzea.

Ez dadila moda bihurtu. Epailearekin eztabaidatzerako argudioak behar, eta laguntzaile batek luzatutako iPad batekin hurbildu zitzaion Detroit Pistonseko Blake Griffin J.T. Orr epaileari joan den ostiraleko Indiana Pacersen aurkakoan. Hegal-pibotaren ekimen aitzindariak arbitroak tripak jatea zuen helburu, adierazi gabeko falta bat zela eta. Orrek ez zuen Griffin antzarak ferratzera bidali, merezi bezala. Jokalariak arrazoia ote zuen gutxienekoa zen, eta ez zitzaion inori axola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.