Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Beldurrez beste

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Etzi, urriak 1. Jakina, mundu osoan izango da etzi urriak 1. Katalunian, ordea, egun berezia izango da. Iazko U1etik aurrera, zenbait hitz eta irudi nire memorian tinko gotortu ziren eta, orduz geroztik, hor segitzen dute, egoskor: duintasuna, askatasun grina, umiliazioa, tinkotasuna... Ausartuko nintzateke esatera iruditeria hori nahiko partekatua dela, esaterako, berripaper honen irakurle askoren artean. Baina, gordin botako dut galdera: euskal jendea, oro har, aspertu al da katalanen auziaz? Batzuk eta besteak ez al dira matraka gehiegi ematen ari?

Sarritan konturatzen gara guretzat oso gertukoak diren kezkak beste askorentzat, berriz, oso urrutikoak direla, edo, besterik gabe, ez direla existitzen. Mundu paralelo asko daude gure artean, inoiz ukitzen ez direnak. Joan den larunbatean, Maddi Zubeldiak ederki islatu zuen sentsazio hori bere Paraleloak izeneko artikuluan. Berak kontatua da nola duela gutxi Bordagainen izandako afari batean egiaztatu zuen 30 urteko ziburutar batek Seaska eta ikastolak zer ziren ez zekiela (C'est quoi?). Gogoeta hauxe egiten zuen artikuluan: «Une horretantxe sentitu nuen mahai borobil hura zirkulu zentrokidetan zatitzen ari zela, afaltiarrok espazio bera partekatzen genuela bai, baina mundu paralelotan higituz». Mundu paralelo asko daude, ez soilik Bordagain edo Trebiñun, baita Asteasun, Lekeition edota Fiteron ere; zer esanik ez gure hiriburuetan.

Kataluniara bueltatuz, nire irudipena da askok sentitzen ditugun konplizitate horiek ez direla, une honetan, euskal gizartearen sentsazio nagusiak; izan ere, olioaren orbana uretan zabaltzen den bezala, horrela ere hedatu da despolitizazioa esfera publikoan. Nola eragin mundu paralelo batetik bestera? Nola lortu zentrokide diren zirkulu horiek kiribil sortzaile eta metagarria bihurtu? Zergatik abandonatu behar dugu gure konfort egoera etorkizun lausoa iragartzen digun abentura batean abiatzeko?

Azken galdera hori idaztean Iñigo Urkullu etorri zait burura. EAEn lehendakari segurola dugu. Ez du arriskurik nahi, confort area-n dago, eroso eta, aldi berean, zuhurra: kiskali den katuak ur hotzetik ihesi. Bera ez da bada inoiz kiskali. Bere azken adierazpenak entzunda, gainera, ez dirudi Urkulluk bustitzeko asmo handiegirik duenik. Berea da ondorengo esana: «Porrota litzateke soilik abertzaleen arteko akordioa». Ez du konfrontaziorik nahi.

Gaur egun politika inoiz baino gehiago emozioen esparrua da. Manuel Castells soziologoak bere Ruptura liburuan agertzen duen bezala. Orain inpresioa opinioa edo iritzia bihurtzen da. Urkullu jaunak ez du jendea eserlekutik suharki zutitzeko gaitasunik baina zerbait transmititzen du, dela konfiantza edo nahi dena, baina zerbait helarazten du; bestela ez luke hainbeste boto izango. Nola den hiztuna hala da entzuna esan ohi da.

Konfort hori benetakoa al da ala irudikatua? Izan ere, une honetan eta Euskal Herrian bertan (ez soilik Espainian) gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko arrakala duela hamar urte baino handiagoa da. Baina ETBko albistegietan, berriz, «Euskadi Arkadia zoriontsua da, Espainian baino langabezia gutxiago daukagu; teknologia eta sormen gehiago, eta, gainera, orain turistak!»; alegia, la ostia gara.

Urkulluk, gainera, aliatu emozional handia dauka: aldaketa orok sortzen duen beldurra; botereak arbitrarioki eta masiboki zabaltzen duen ikara. Katalunian bezala Euskal Herrian ere. Hala ere, egon dadila erne; izan ere, Manuel Castellsek berak dioen bezala, «emozio kolektiboak uraren indarraren pareko dira: bere ibilbide naturalean eragozpenen bat topatuz gero, ura gai da beste bide batzuk topatzeko, uholde izugarriak sortuz harik eta ezarrita dagoen ordenaren espazioak urpetu arte».

Horretarako, esperantzak beldurrari irabazi behar dio bataila. Beldurrez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.