Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Askea edo fartsa

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Txema, barkatu, baina gaur egun prentsa askea posible al da? Zein baliabiderekin? Nola?», galderek burrunba egin zuten ikasgelan. Kazetaritzaren etorkizunaz ari ginen. Galdegilea 20 urteko neska zen. Irakasleak, azalpenen artean, arnasa hartzeko erabiltzen zuen geldiune taktiko horietako bat baliatu zuen ikasleak bere misila botatzeko. Itungilea ikasgelaren atzealdean zegoen, leiho ondoan. Ordura arte mutu egon zen. Isilune astun baten ondoren, eztabaida interesgarria piztu zen gelan.

Debatea sutsu joan zen. Batzuen aburuz, gaur egun kazetaritza askea garatzeko dauden aukerak oso ttipiak dira. Beste batzuk, berriz, baikorragoak ziren eta izan badirela aukerak, eta horren lekuko direla euskarazko hedabideak eta sare sozialak etab. Eztabaidak luze jo zuen, eta, nahitaez, 1977ra egin zuen jauzi, urte hartan irakaslea hasi baitzen kazetaritza egiten, non eta eztabaida gertatzen ari zen espazio berean.

Duela 41 urte, Franco gorpu zen gaur egun gorpu dagoen toki berean: Erorien Haranean. Orduan Fragaren prentsa-legeak agintzen zuen. Gaur, mozal legeak. Kazetaritza askea amets eta irrika ziren Leioako Fakultatera hurbildu ginen ikasleon artean. Diktadura, zentsura, grisak... dena pikutara bidaltzeko gai ginela uste genuen baita dena lortzeko kapazak ere (amnistia, autodeterminazioa...). El País aurreko urtean sortua zen Espainian. Progresiaren ikur orduan; egun, botere finantzarioaren jostailu. 1977an bertan, Deia eta Egin jaio ziren. Geroago ETB (1982) eta euskarazko tokiko prentsa (1988). Baina, orduan (gaur bezala), El Correo español-El pueblo vasco zen gehien salduriko kazeta Araban eta Bizkaian. El Diario Vasco eta La Voz de España zebiltzan buruz buru Gipuzkoako liderrak izateko deman, eta El Diario de Navarra kazeta nagusi zen Nafarroan, orain den bezala.

1979an, Espainiako OJD Hedapenaren Ikuskaritzaren Bulegoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan saltzen ziren informazio orokorreko ehun kazetetatik 68 espainolistak ziren. Gainerakoak Egin eta Deia ziren. 2018ko apirileko OJDren buletinen arabera, Hego Euskal Herrian proportzioa ez da aldatu. Hori bai, gaur egun, paperean askoz kazeta gutxiago saltzen dira. Lau hamarkadetan euskal gizartea dezente aldatu da, baina papereko prentsaren kontsumo azturak ezer gutxi mudatu dira. Zergatik ez datoz bat irakurleak eta botoak? Ideologian baino soziologian al dago erantzuna?

Aste honetan bertan berripaper honek 15 urte bete ditu. Joan den igandeko zenbakian, Garikoitz Goikoetxeak pista ematen zuen. Pizteko garaia da. Internetek dena hankazgoratu du; ez soilik azken hamabost urteotan. Hiru urtetik hona ere sareko informazioaren kontsumoa dezente aldatu da. 2014an, berria.eus-eko bisiten % 23 sakelakotik zetozen. Gau egun, mugikorretik datozenek (% 49) aurrea hartu diete ordenagailutik datozenei (% 44). Tabletak ez ditu aurreikuspenak bete, eta beheranzko joera hartu duela dirudi (% 8tik % 7ra).

Teknologiak aldatu dira, baina kazetaritzaren erronkak orain dela 50 urteko berberak dira; kazetaritza duinaren desafioak behinik behin. Komunikabideen kontzentrazioa areagotuta, adierazpen askatasuna mugatuta, kontsumo arin eta azkarreko edukiak hedatuta, kazetarien lan-baldintzak okertuta... ikaslearen galdera guztiz egokia zen: gaur egun prentsa askea posible al da? Horretarako kazetaritzak duina izan behar du, independentea alegia; boteretik at bizi, haren lausenguetatik urrun.

Kazetaritza lan intelektuala da, eta intelektualen eremua kontzientzia da. Rodolfo Walsh Argentinako diktadurak desagerrarazi zuen kazetariaren esana da hau: «Gertatzen ari denaz ulertzen ez duen intelektuala kontradikzio ibiltaria da. Ulertuta ere printzipio etikoen arabera jokatzen ez badu, intelektual horrek, agian, lekuren bat izango du lanturen antologian, baina ez bere herriaren memoria bizian». Eta honela biribildu zuen gogoeta: «Izan ere, kazetaritza askea da edo, bestela, fartsa baino ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.