Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zer da liburua? Zer da telebista?

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Booktegi.eus-en, mota guztietako euskarazko liburuak aurkituko dituzu», dio Booktegi webgunearen atariko orriak. «Liburuak dohainik deskarga ditzakezu. Eta lagunei gomendatu. Liburuak dohainik plazara ditzakezu, gure baldintzak betez gero. Harpidetzen bazara, azken liburuen berri jasoko duzu e-postaz». Liburuak deskargatu egin daitezkeela dio oharrak, hau da, ez direla —maketatuta badaude eta azala badute ere—, paperezkoak, digitalak baizik, pdf, e-pub edo mobi formatuan eskuragarriak.

Duela hiru urte abian jarri zenez geroztik, ehunka liburu sareratu ditu Booktegik, euskaraz sortuak zein euskaratuak, genero askotakoak eta askotariko egileenak, oso ezagunak batzuk, hasiberriak beste batzuk... Aspalditxotik da ezinezkoa euskaraz argitaratzen diren paperezko liburu guztiak irakurtzea; orain, Booktegik ezinezko bihurtu du euskaraz sareratzen diren liburu digital guztiak irakurtzea ere.

Baina liburuak argitaratzeaz gain euskal literaturari buruzko ikus-entzunezko ugari ere sareratu ditu Booktegik. Horien artean, bereziki interesgarria da idazleen arteko elkarrizketen ElkarrizKatea saila, iaz abian jarria eta duela gutxi atal berriz hornitua: idazle batek beste bat elkarrizketatzen du, hurrengoan idazle elkarrizketatu hori beste idazle elkarrizketatu baten elkarrizketatzaile da, eta horrela segi eta segi amaierarik igartzen ez zaion katean. Hemezortzi dira oraingoz atarian jasotako saioak, eta idazle ezagunak dira guztietan elkarrizketatua zein elkarrizketatzailea.

Elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua bildu eta haien aurrean kamera eta mikrofonoa jartzetik haragoko ahalegina egin du Booktegik ElkarrizKatea osatzeko, alderdi teknikoa profesionalen esku utzita eta kolaboratzaile egokien lankidetzaz gauzatua, eta emaitza telebista saio landua da; ezohiko formatu birtualean egina, baina telebista saio bat, Booktegik sareratzen dituen testuak ezohiko formatu birtualean egindako liburuak diren moduan.

Zer da liburua? Zer da telebista? Horrelako galderak planteatzen ditu Booktegik. Baina, ahal bada, hobe galdera horietaz arduratu gabe baliatzea era honetako webguneek eta atariek eskaintzen duten aukera oparoaz, definizioak etorkizuneko ikerlariei eta adituei utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.