SASKI DA!

3.000 kilometrora nahi zituzten

Danel Agirre -

2019ko otsailak 10
Saihestu beharreko zuloa. Magic Johnson Los Angeles Lakerseko presidenteari Hollywood Hills muinoko ikur zuri famatua eskaintzea bakarrik falta izan zaio Anthony Davis New Orleans Pelicanseko pibota trukean eskuratzeko saiakera etsian. Brandon Ingram, Lonzo Ball eta Kyle Kuzma taldeko hiru pieza gazte baliotsuenei eskrupulurik gabe ipini die zelofana Johnsonek, baina operazioa ez da gauzatu, eta hartzaileak bueltan bidalitako paketea berrerabiltzea tokatzen da orain. Kanporaketetarako sailkatzen duten postuetatik kanpo da Lakers, eta LeBron Jamesek nahikoa lan izango du taldea berak bakarrik sailkatzen, aipatu jokalarien laguntza eskuzabalik gabe. Zuzendaritzak 3.000 kilometrora nahi zituen jakitun daude Ingram, Ball eta Kuzma, baina ez da inolako grebarik espero, japoniar erara ez bada. Davisen transferentzia udan osatuko den inongo bermerik ez dago, eta hirurek Los Angelesen geratu nahi zuten, kosta ahala kosta, Pelicans ligako frankizia disfuntzionalenetako bat delako, nola edo hala saihestu beharreko zulo bat. Kanporaketarako sailkatuta ere, Lakersek oso zail du zortzigarren postua baino hobeagoa lortzerik: Warriorsen aurkako lehenbiziko kanporaketako norgehiagoka batekin amesten ari dira dagoeneko telebista kateak.

Guretzat badira norbait. Los Angeles Clippersek, kontratua amaitu arte hitzartutako bi milioi dolarrak kolpetik ordaindu, eta langabezian laga du Milos Teodosic. NBAn bada merkatua itxi ondorengo soberakinen artean mauka bila dabilenik, baina litekeena da serbiarra berandu baino lehen Euroligan berriz ikustea. Estatu Batuetako saskibaloiak ez duela gogobete dio berak, baina haren erabakiak azalpen prosaikoagoa du. 32 urte betetzera doa datorren hilean, eta, NBAn geratuz gero, bere ibilbidearen hondarra bigarren mailako aulkiren batean txandala kendu ere egin gabe agortzearen arriskua bistakoa da. Sasha Djordjevic, Antoine Rigaudeau, Vassilis Spanulis edo Juan Carlos Navarroren —eta hein batean, Igor Rakocevic eta Arvidas Macijausken— zerrendan agertuko da Teodosicen izena aurrerantzean: helduaroan eta, ustez, berme guztiekin NBAra jauzia egin, eta ezin anonimoagoa izan ondoren Europara itzuli behar izan zuten alfa kategoriako jokalariena. Estatu Batuetako zaleak gogoan ditu Sasha Vujacic, Marko Jaric eta Jiri Welsch, antzeko posizioetan aritu, aipatutakoak baino maila nabarmen apalagokoak izan eta ligan esposizio handiagoa lortu zuten hiru. Ez saiatu hau zale horri azaltzen, baina NBA ez da egia bakarra

Gutxi, bizkor. Sekula galdetuko zenion zeure buruari: Jrue Holiday da NBAn partidako korrika gehien egiten duena, 4,53 kilometroko batezbestekoarekin. Ligako profesional gehienak hiruzpalau kilometro artean daude. Zenbatekoa futbolean neurtzen direnekin alderatzea da ariketa automatikoa, eta txikia dirudi. Esfortzu motzagoak dira saskibaloikoak, eta behin eta berriz abiadura osoan martxan ipini eta tupustean frenatu beharrak akitzen du atleta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna