Scott Walker

Ahots bat ekaitzaren erdigunean

The Walker Brothersekin egin zen ezagun, baina bakarka grabatu zituen lehen lau diskoek finkatu zituzten haren lanaren ardatzak. Azken mende erdiko kantaririk erreferentziazkoenetako bat izan zen.

BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gutxik biltzen dute euren baitan Scott Walkerrek adina aurpegi. Rock-and-roll, doo-wop eta swing doinuak abestu zituen nerabezaroan —inongo oihartzunik gabe—; balada melodramatikoek eman zioten arrakasta The Walker Brothers hirukoteko kide zela; Jacques Brelen jarraitzaile bilakatu zen; eta, bere ibilbidearen azkeneko bi hamarkadetan, rocka, musika garaikidea eta esperimentazioa landu zituen, ilunpeak eta mina lehen planoan jarriz. Eta, hala ere, profil horiek guztiek egin zuten Walker. Horietakoren bat kenduz gero, ez litzateke artista bera izango. Atzo goizean eman zuen 4AD diskoetxeak musikariaren heriotzaren berri. 76 urte zituen, eta azken mende erdiko musikaren historian pareko gutxi dituen ondarea utzi du.

Noel Scott Engel izenarekin jaio zen, Ohion (AEB), 1943an. 18 urterekin John Maus ezagutu zuen, eta, hainbat proiektutan elkarrekin aritu ostean, 1965ean Gary Leeds ezagutu, eta The Walker Brothers sortu zuten. Ez ziren senideak, baina John, Gary eta Scott Walker izango ziren aurrerantzean. Urte haietan Londres pop musikaren epizentroa zenez, hara jo zuten, eta berehala bilakatuko ziren garai hartako talde inportanteenetako bat. Bacharach-David konpositore bikotearen Make It Easy On Yourself grabatu zuten, eta, jarraian, My Ship is Comin' In, taldearen musika melodramatiko eta atormentatua definitu zuen balada. 1967ra bitartean, hiru LP grabatu zituzten, eta hirurek arrakasta izugarria lortu zuten.

Une batean, baina, dena lehertu zen. Ezinikusiak azaleratu ziren, eta, fanen jazarpenari aurre egiteko garai hartan, The Beatles bezain mediatikoa zen taldea—, Scott Walkerrek monasterio batean hartu zuen aterpe. Handik atera zenerako —eta bere buruaz beste egiteko hainbat saiakeraren ondoren—, bere ibilbidea beste norabide batean zegoen. Konbentzioei aurre eginez, eta Jacques Brel gida espiritual gisa hartuta, 1967 eta 1969. urteen artean lau disko argitaratu zituen (Scott, Scott 2, Scott 3 eta Scott 4), crooner kontzeptua birdefinitu zutenak, eta gerora hainbat kantarirentzat (David Bowie, Neil Hannon, Nick Cave) erreferentzia bilakatu zirenak. Hor azaltzen dira Brelen egokitzapenak (Amsterdam, Jackie, If You Go AwayNe me quitte pas-en moldaketa—), baina baita Tim Hardinen eta Burt Bacharachen kantuak ere. Scott 4-ko pieza guztiak Walkerrenak berarenak dira: Boy Child, Rhymes of Goodbye, Duchess... Lau disko horiek definitzen dute Walkerren lana beste ezerk baino hobeto. Dramatikoak, konponketa dotorekoak, intimistak, eta, guztiaren gainetik, ahots sakon eta sarkor bat aurkezten dutenak.

Scott 4-ren ondoren, nolabaiteko desertua iritsi zitzaion Walkerri. Segitu zuen grabatzen (Til The Band Comes In, 1970; Any Day Now, 1973; Stretch, 1973), baina lehen tetralogian lortutako emaitzak ukitu gabe. Beste konpositore batzuen materiala landu arren, lan horiek ez zuten horrenbesteko minik egiten, eta apenas izan zuten oihartzunik.

Anaiekin berriro elkartu ondoren —1978ra arte ibili ziren elkarrekin—, 1984an Climate of Hunter diskoa kaleratu zuen, iraganean bezain ausart, eta garai berrietara egokituta. Tilt-ekin (1995) eman zuen kantariak bere ibilbidearen azken hogei urteetako lanaren neurria. Lan iluna, katartikoa, amesgaiztoaren traza hartzen duena. Esperimentala bezain lirikoa. The Drift (2006), Bish Bosch (2012) eta Sunn O))) drone-metal taldearekin landutako Soused (2014) diskoetan, sakondu egin zuen ilunpeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.