Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Hamaika ikusteko jaioak

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Ezagutuko duzu, noski, Leonard Cohenen Hallellujah kanta, ezta? Bada probatu ezazu hitz hauekin kantatzen: «Egun bero bat ta gero, freskatzeko asmoz nator, lagunekin zerbait hartzera noa. Mosto bat eska(t)u dugu ta tabernaria dator han, sumatu dut zerbait falta zaiola. Azeituuuna, Azeituuuna, Azeituuuna, Azeituuuuuuuna».

 

Naroa Iturrik aurkeztu eta elkarrizketatuta ezagutu dezakezu Julen Po, cover bitxi horren asmatzaile eta interpretea, Hamaikaren webgunetik paseotxo bat egiten hasten baldin bazara. Haren ondoan, Uxue Bereziartua Berexiart ilustratzailea daukazu, Naroa Iturrik aurkeztu eta elkarrizketatua hori ere, eta haren Eskuak bideo artistiko iradokor eta landua ikus dezakezu.

Hortik abiatuta, lehenengo gauza bat eta gero bestea, konturatu orduko goiza, arratsaldea, gaua edo egun osoa eman dezakezu Hamaika telebistaren webguneko bideoei begira, eta aurretik ezagutzen ez zenituen aurkezleak, artistak, umoristak eta abarrak aurkituko dituzu horietako askotan; edo ezagutu bai, baina oso mediatikoak ez direnak. «Hamaika ikusteko jaioak gara!» esanaraziko dizu batek baino gehiagok.

Kanalduden ere aurkituko duzu perla interesgarri askorik, Tantaka websaila besteak beste, atal honetan duela ia bi hilabete komentatua. Beste hamaika tokiko telebista ere eskuragai duzu, jakina, bakoitza bere webgunean: Goiena, Erlo, Goierri, 28 Kanala, Oizmendi, Xaloa,,, «Sutan Bang, SuperTxope, Porruren grabatokia edo Probatxoa bezalako kanal txalogarriak» ere aipatu zituen herenegun Xabier Payak berripaper honetan berean, Hego Euskal Herrira ere konfinamendua iritsiko dela aurreikusiz Manuelarentzako planak aurkezterakoan. Horietan guztietan ikusmiran hasiz gero ere aise joango zaizu goiza, arratsaldea, gaua edo egun osoa, batetik bestera jauzi egin eta tarteka aurkikuntza zinez interesgarriak eginez.

Euskarazko telebistan ETB1 da ardatz nagusia, zalantzarik ez da horretan, eta aurrekontuetan orain dagoen aldea dagoen bitartean hala izaten jarraituko du, baina beste hamaika ere baditugu aukeran, jakin-minak akuilatuta horretarako astirik hartu ahal izanez gero. Merezi du noizean behin proba egitea, beti aurkitzen baita Julen Poren Azeituna-ren tankerako ezusteko bitxiren bat edo beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.