Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Kontraesanen erregea

2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Denok ditugu kontraesanak. Finean, horretan datza bizitza askotan. Alegia, «a» egingo duzula esan eta momentua iristean, aldiz, «b» egin. Akatsetatik ikastea da erronka, bilakaera zuzena izateko. Zinemagintzan gauza bera gertatu da. Nork esango zuen pantaila handian ikusteko eginak diren filmak pantaila txikian ikusiko genituela normaltasunez? Ni, jada, kontraesan horretan erdi erori naiz. Areago, hainbeste aldatu da zinema eta telebista edukien kontsumoa —finantzaketa eta produkzioa—, non zaila den horiek banatzen dituen lerroa bereiztea. Egia da filmak areto komertzialetatik at ikusteko ohitura aspaldikoa dela; halere, zinema industriak garai arraroak bizi ditu. «Filmak egitea negoziazio prozesua da», irakurri diet berriki Ethan Coen eta Joel Coen zinemagileei. «Denak du bilakaera, plataforma berriek bestelako motibazioak dituztelako filmak banatzeko garaian».

Netflixek ere kontraesan ugari izan ditu. Hasieran soilik streaming zerbitzua izango zuela adierazi bazuen ere, filmen produkziotik pasatu da, eta zinema aretoetara egin du saltoa orain. Estrategia berria zinema jaialdietan aurkeztutako filmekin izandako arrakastaren ondotik dator. Horren adibidea da Veneziako jaialdian erakutsitako Coen anaien azken lana: The Ballad of Buster Scruggs. Lehendabizi areto kopuru mugatuan estreinatu dute astebetez —aretoen jabeak mugimendu horren kontra azaldu direlako—, eta dagoeneko sarean dago ikusgai munduko 190 herrialdetan. Telesaila balitz moduan, sei ataletan banatuta dago filma. Alfonso Cuaronen Roma-k Urrezko Lehoia eskuratu zuen Venezian, eta gaurtik dago zinema aretoetan; abenduaren 14an iritsiko da Netflixera.

Kontraesanei jarraiki, Outlaw King filmarekin bestelako saiakera egin dute lehen aldiz: aldibereko estreinaldia sarean eta aretoetan, hain zuzen ere. Robert de Bruce Eskoziako azken erregearen istorioa kontatzen du filmak, Eskozia Britainia Handitik askatzeko XIV. mendeko gatazka historikoa. David Mackenzie zinemagile eskoziarrak zuzendu du, eta Netflixek ekoitzi —105 milioi euroko aurrekontua erabili du plataformak—. Nire gusturako, kontraesan edo bilakaera handirik gabeko pertsonaiez josita dago. Ikuslearekiko enpatia handiagoa espero nuen kontraesanen erregearen aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.