Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Nori eta nola hitz egin

2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Laura Luelmo erail dute Huelvan (Espainia). Indarkeria matxistaren enegarren biktima izan da. 26 urte zituen, jatorriz Zamorakoa (Espainia) zen, eta Huelvako herri batean irakaskuntza ordezkapena egiten zebilen. Erasotzailea, Bernardo Montoya, biktimaren parean bizi zen. Aitortu du berak akabatu zuela Luelmo. Kontatu duenez, gaztea supermerkatu bila ari zen, okerreko noranzkoa eman zion, eta kale itsuan kotxearen kontra kolpekatu zuen haren burua. Ondotik, konorterik gabe zegoela, biktima bortxatzen saiatu zen. Baina auskalo, izan ere, emakumezkoa hiru egun egon zen desagertuta; eta autopsiak baieztatu du biktimak sexu erasoa jasan zuela.

Herenegun kontatu zuten gertakizuna xeheki, ETB2ko Está pasando saioan. Gainerako telebista kateetan ere bolo-bolo dabil gaia; albistegietan, tertulia politikoetan, magazinetan... baita sare sozialetan ere. Ez nuen gutxiago espero. Beldurra gure eguneroko ogia baita. «Emakumeak ez gara turistak», ordea. Atzo goizean azpimarratu zuen hori Jone Martinez Palacios EHUko ikertzaileak ETB1eko Egun on Euskadi saioan. «Gizarteak gero eta onartuagoa dauka emakumeen kontrako biolentzia, eta botere harremanen arkitektura hori normalizatu dugu». Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, aldiz, hala esan zuen: «Lege batzuk aldatu beharko dira, baina lege horien interpretazioa egiten dutenen aurreiritziak aldatzea ere behar-beharrezkoa da».

Luelmoren familiak «errespetua» eskatu die hedabideei, haren «memoria, duintasuna eta ohorea» gordetzeko. Batez ere, gorroto jarrerak bultzatu ditzaketen mezuak saihesteko. Baina helburua bada egungo egoera aldatzea, zenbateraino da lagungarria gaiaz ez hitz egitea? Lerro hauek idaztean, Joseba Azkarraga sailburu ohiak sare sozialetan zabaldutako gogoeta anonimoa iritsi zait sakelakora. Merezi du hona ekartzea: «Hasi zaitezte esaten zuen haurrei eta nerabeei ez ukitzeko emakumezkorik hark nahi ez badu. Azaldu iezaiezue zer den baimena ematea. Baiezko bihurtzen dituzten ezezko guztiak direla ezezko. Utz ditzatela emakumezkoak etxera lasai bueltatzen. Ez diegula haiei zor gure gorputzik. Hitz egin gizonezkoei, ez emakumezkoei. Agian, modu horretan, arazoaren fokua gizonezko erasotzaileen gainean jarriko da; eta ez emakumezko biktimetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.