Elizatik harago, ondarea dago

Apartekoa da Euskal Herrian dagoen organo ondarea. Elizari lotutako iruditik harago, organoen ondare izaera aldarrikatzen du sektoreak. Mendeetan elizak eman dio abaro ondare horri, baina elizatik kanpo ikusten dute instrumentuaren eta harendako idatzitako errepertorioaren geroa.

Sergio del Campo organo konpontzailea. SERGIO DEL CAMPO.
itziar ugarte irizar
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Etxeko atea ireki, eskailera gutxi batzuk igo, eta sarreran bertan dauka organo bat Esteban Elizondok; pedal, teklatu bikoitz eta metalezko hodi ugariekin. «Nire aurrezki guztiak xahutu nituen, baina parrokien menpe egon gabe landu ahal izan dut», esan du. Abiapuntua «kasualitate bat» izan zen, eta kasualitate hark mundu guztian hamaika kontzertu ematera eraman du, urte luzez Donostiako kontserbatorioan organo irakasle izatera, hogei disko grabatzera eta lan ugari argitaratzera. Ibilbide horretan guztian «dibulgazioa» izan du kezka nagusia: «Organoak elizari lotuta jarraitzen du, baina defendatzen duguna, batez ere, ondare kulturalaren zentzua da».

Europan parekorik ez duen ondarea dago Euskal Herrian organoen alorrean, hori defendatzen eman du bizia Elizondok. Zehatz esaterik ez du, baina badaki herrialde osoan 450 organo baino gehiago daudela; XVII. eta XVIII. mendeetako organo barrokoak eta XIX. mendeko organo erromantikoak gehienak. «Daukagun ondare aberatsena, batez ere, organo erromantikoena da».

Aristide Cavaille-Coll organogileak sonoritate aldetik organo erabat ezberdina asmatu zuen; askoz hurbilago zegoena gizakiarengatik eta orkestra baten soinutik. «Frantsesa zen sortzez, baina Espainiako Estatuan egin zituen organo gehienak. Lehena 1854an sortu zuen Lekeition, baina, oro har, Gipuzkoan daude haren lan gehienak; denera, hamahiru. Ordutik aurrera Euskal Herriak organoa bere egin zuen. Gipuzkoako herri askotan diru bilketa herrikoiak egin ziren halako organo bat erosteko, adibidez», kontatu du Elizondok. Denborarekin, beste leku askotan ez bezala, organo horiek ez ziren «modernizatu», eta jatorrizko soinua mantendu dute. Hor dago, hain zuzen, balioaren gakoetako bat.

Ikerketan aritua da Elizondo; doktore tesia egina du Euskal Herriko organo erromantikoaren inguruan. Hala, instrumentuetan soilik ez, errepertorioan ere ondare handia dagoela nabarmendu du: «XIX. eta XX. mendeetan organorako idatzi zen musikarik onena hemen idatzi zen». Ondare hori XIX. mendeko organo erromantikora lotuta dagoela zehaztu du: «Zenbatezinak dira atzean dauden konpositoreak. Asko erlijiosoak ziren, eta beste batzuk ez. Jesus Guridi eta Jose Maria Beobide Goiburu aipatuko nituzke, esaterako».

Donostiako Musika Hamabostaldiko Organo Zikloaren koordinatzailea da Elizondo, eta horren barruan interpretazio kurtsoa eta kontzertu zikloa antolatzen dituzte udaro. Azken urteetan 4.500 pertsona bildu ditu zikloak, eta «arrakasta handia» da hori Elizondorentzat. «Organoaren musika zoragarria da, baina gutxienena da».

Organistaren espektakulua

Zikloak gero eta arrakasta handiagoa izatearen atzean arrazoi garbi bat antzematen du Elizondok: kontzertuetan pantailak jartzea. Eta gauza bera aipatu du Alize Mendizabalek ere; organo jotzailea da bera, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organoaren titularretako bat, gaur egun. «Jendea erabat harrituta geratzen da organistak nola jotzen duen ikustean pantailan. Haientzat polita da ikustea, baina, guretzat, batez ere, instrumentua gerturatzeko modu bat da», azaldu du. Laguntzaileak izaten ditu organistak sarri; alde banatan bana, gehienetan. «Eskuak eta oinak erabiltzen ditugu, eta erregistroak aldatzeko eta partitura pasatzeko laguntza behar izaten dugu. Askotan espektakulu bat izaten da, entzuteko soilik ez, baita ikusteko ere».

Mendizabalen esanetan, organo batekin orkestra baten pare jo daiteke, eta hori da instrumentuak duen alderik aipagarriena harentzat. «Erregistro bakoitzak ezaugarri bat dauka, eta bere pertsonalitatea; atera dezakezu klarinete baten soinua, oboe batena, tronpetarena, biolinarena, kontrabaxuarena... Eta horiek guztiak elkartuz oso errepertorio sinfonikoa lor dezakezu». Organo bakoitzak eskatzen du bere errepertorioa; nolakoa organoa, halakoa izango da errepertorioa. Adibide birekin azaldu du Mendizabalek: «Ataungo organoa barrokoa da, XVIII. mendekoa, oso konkretua. Hor ezin da musika erromantikoa jo; hasteko pedala ez dagoelako. Bergarara bazoaz, Stoltz organoa dago, eta hori, kontrara, zoragarria da musika erromantikoa jotzeko».

«Organistak beti gutxi izan gara», aitortu du Mendizabalek. Ikasturte honetan, Musikenen, esaterako, bi organo ikasle daudela aipatu du. Musikeneko irakaslea da bera ere, baina pianoko osagarrikoa. «Azken urteetan, zenbait herritako musika eskoletan ere hasi dira organoa irakasten. Baina organo irakasle izatea hemen nahikoa zaila da; ez da pianoa bezalakoa», erantsi du.

Oro har, herritarren artean organo ondarearen «kontzientziarik» ez dagoela iruditzen zaio Mendizabali. Aitzitik, uste du egiten diren ahaleginekin egoera aldatzen ari dela. Koruko Andre Mariaren basilikan hainbat ekintza antolatu dituzte, azken urteetan: umeentzako saio didaktikoak, bisitak, hitzaldiak eta kontzertuak, besteak beste.

Geroa, elizatik urrunago

Sergio Del Campok hogei urtetik gora daramatza organo konpontzailearen ofizioan. Kanpoan ibilia da, baina azken urteetan ez zaio lanik falta Euskal Herrian. Funtsean, bere egitekoa «organoa zaharberritzea» dela dio. Halere, beste bide bat urratu nahian dabil orain: «Bi organo txiki nabil eraikitzen. Hiru erregistrokoak, berdin-berdinak biak. Ordenagailuz egin dut diseinua eta eskuz gainontzekoa».

«Elizaren aurreikuspena ez da batere ona», aipatu du Del Campok, eta horregatik ireki nahi ditu bide berriak. «Arabakoa da adibide bat; lau-sei organo zaharberritu dira, berri bat egin dute... Eta zenbat erabiltzen dira? Ez dira jotzen. Musika eliza barruan geratzea oso pobrea da. Dirutza gastatzeak, urtean kontzertu bi jotzeko, ez dauka zentzurik».

Hein horretan, uste du organoa zaharberritzeko egindako lanari ez zaiola etekinik ateratzen. «Elizako organoak ez dauka irteerarik. Batzuetan herriarentzat organo bat izateak dakarren harrokeria izaten da, eta ez da hori kontua. Orain arte ibili gara elizako organoak konpontzen, zaharberritzen; baina beste merkatuetan zer aukera dauden aztertzea da orain asmoa, adibidez, musika klasikoa egiten duten taldeetan».

Euskal Herrian oso gutxi dira gaurkoz elizetatik kanpo dauden organoak; Bilboko Euskalduna jauregian dago bat, eta Euskadiko Orkestraren auditoriumean beste bat. Elizari lotutako instrumentua da oraindik ere, eta Mendizabalek uste du horrek neurri batean organorako idatzitako musikaren hedapena baldintzatu dezakeela. «Ikusteko dago hemendik urte batzuetara zer gertatuko den eliza askorekin; eta, beraz, organo askorekin».

Hori baino gehiago, baina, bere kasuan direnen menpekotasunean ikusten du arazoa gaur. «Geratuta zaude zazpietan entsegu bat egiteko, azken orduan abisatzen dizute hileta bat dagoela eta planifikatuta zeneukana bertan behera utzi behar duzu. Menpekotasuna dago, zentzu horretan. Ulertzen dugu elizetan zerbitzu bat ematen dela, baina guretzat oso zaila bihurtzen da batzuetan. Gauetan egin behar izaten ditugu entseguak». Basilikako organista gisa, elizkizunetan eta egutegiko egun markatuetan jotzeko konpromisoa du Mendizabalek, baina handik kanpo ere ematen ditu kontzertuak. «Askotan, jendeak pentsatzen du organorako musika meza baterako dela, eta ez da beti horrela».

Azkenaldian, organista «oso onak» agertzen ari direla ikusten du aldeko Elizondok, eta haien etorkizuneko jarduna eremu ez-erlijiosoan aurreikusten du hark ere: «Elizako liturgia izugarri pobretu da azken urteetan, eta organoak egiteko txikia du elizan, egun. Instituzioak ohartu dira ondare gisa duen balioaz, eta etorkizuna gehiago doa kultura horren zabalkundearen bidetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.