Docketan Topa film festibalak emazteak izanen ditu protagonista

Bihartik larunbatera ospatuko dute, Baionako Atalanten. Emazteek euskal zinemagintzan zer toki duten ikertuko dute ortziralean

Itziar Leemansen Parque Lenin. Larunbateko saioan egilea egonen da. ATALANTE.
Ainize Madariaga
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Baionako Atalante zinema areto independenteak antolatzen duen hamazazpigarrena da aurtengo Docketan Topa film festibala. Egokitu behar izan dute; ontsalaz, martxo-apiriletan antolatzekoa zena orain baitute eginen: hilaren 23tik 26ra. «Hau oso berezia da, fite antolatu behar izan baitugu», erran du Sylvie Larroque Atalanteko zuzendariak.

Gehitu du festibalak parada ematen diela «ikusgaitasunik batere ez duten lanak edo guti dutenak agerrarazteko».

Feministak bistan

Aurtengo lau egunetan emazteak izanen dira festibalaren protagonistak. Biharko irekiera «feminista» izanen da: Debout les femmes! (Zutik emazteak!) filma emanen dute Gilles Perret egileak eta abesbatza feministak lagundurik. «Osagarri langile emazteen kontsiderazio eskasaz mintzo da, umorez; hunkigarria da», zehaztu du Larroquek. Une berean, Gabrielle Duplantier artistak Feministe, feminista! argazki eta soinu erakusketa abiatuko du: Euskal Herriko feministen potretak. Ortzegunean, Ouvrir la voix filmaren emanaldian Amandine Gay egilea egonen da. Adopzioa, Frantziaren koloniak eta haien emazte beltzak ditu hizpide.

Euskal zinemak ere berebiziko tokia du aurtengo aldian: Nora ikusi ahal izanen baita ortziralean; Lara Izagirre eta Paula Olaz egileekin eta Ane Pikaza aktorearekin trukatzeko parada izanen da. Emazteek euskal zinemagintzan duten tokia jorratuko dute mahai inguruan. Akelarre filma, berriz, larunbatean emanen dute, eta, ondotik, solasaldia eskainiko dute Pablo Aguero film egilearekin eta Amaia Aberasturi antzezlearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.