Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Doako esperimentuak

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Sorry for Your Loss (2018). Horrela deitzen da Facebook sare sozialaren telesail berria. Ez du Mark Zuckerbergen korporazioak ekoitzi, baina pauso bat gehiago da ikus-entzunezko sektorean tokia eta ikusleen arreta bereganatzeko lehian. Esperimentua ez da berria. Iaz Facebook Watch zerbitzua mundu osoan jaurti ondotik, sare sozialak Espainiako La Liga futbol txapelketaren emisio eskubideak erosi ditu Asia hegoaldeko zortzi herrialdetan doan eskaintzeko. Facebookek ez du izango arazorik publizitatearen bitartez etekina lortzeko. 2016an, jada, konpainia pribatu batek ikertua zuen Indiako biztanleen futbolarekiko interesa. Ikasleek eta goi mailako profesionalek jarraitzen diote kirolari; gainera, horietatik %24k ordenagailu eramangarrian ikusten ditu partidak, eta %23k, sakelako telefonoan. Sare soziala heldu aurretik, Sony multinazionalak zituen futbolaren emisio eskubideak herrialdean.

Bideoen sareko kontsumoa izugarri hasi da, bereziki 2011tik aurrera. Facebookek hori badaki. Europako bost herrialde indartsuenetan produkzio mailari dagokionez—, herritar bakoitzak ia 220 minutu pasatzen zituen egunero kable ez besteko telebista edukiak ikusten 2005ean. Zazpi urte geroago, 2012an, 235etik gora kokatu zen zenbateko hori; eta 2015ean, berriz, 2005eko balioetara jaitsi da sareko kontsumoa. Alabaina, askotariko medio eta plataforma aurrean inoiz baino denbora gehiago pasatzen dugu. Guztira, lau ordutik gora egunean. Eduki horien artean, justuki, gorako bidea hartu dute formatu laburreko sareko bideoen kontsumoak eta telebisten streaming zerbitzuak.

Orain arte, Facebookek nerabeak izan ditu jomugan, eta haien arreta monopolizatzea izan liteke arriskurik handiena. BBCren arabera, Erresuma Batuko neska eta mutiko txikien %82k jotzen dute Youtubera eskaera azpiko edukien bila. Areago, bideoak partekatzeko plataforma saturaziotik gertu egon da aurten; britainiarren Internet erabiltzaileen %90k (40 milioi lagun), gutxienez, hilean behin erabiltzen du Youtube.

Egia da beste eragile bat batu zaiola lehiari. Kasu honetan, doako bikoitzaz; izan ere, Europako legeek ez dituzte eduki igorletzat hartzen Youtube edo Facebook. Baizik eta bideoak partekatzeko plataformak. Ondorioz, ezin zaie behartu araurik edo kuotarik betetzera merkatuan aritzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.