Eduardo Ibernia. Tubacexeko langile batz.

«Epaiketa beste pauso bat besterik ez da; ez da ezeren amaiera»

BERRIA.
aitor biain
Laudio
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Tubacexeko langileen ordezkariek «aho batezko» ezezkoa eman diote enpresako zuzendaritzak egindako azken proposamenari. Sindikatuek nabarmendu dute kaleratutako 129 langileak berriz onartzea dela lan gatazka bertan behera uzteko aukera bakarra. Eduardo Ibernia (Bilbo, 1972) ELAko kidea da langile batzordeko presidentea. Gaur 113 egun dira greba mugagabea hasi zutela.

Kaleratutako langileak berriz onartzea, hori da lan gatazka konpontzeko aukera bakarra?

Bai, noski. Guretzat, hau guztia konpontzeko modu bakarra hori da: langile guztiak berriz kontratatzea. Arrazoi horrek bultzatuta hasi genuen lan gatazka, helburu hori du langile batzordeak, eta asmo hori bera berretsi dute beharginek ere. Beraz, borrokari eusten diogu.

Lan ituna aurten iraungiko da, eta azpimarratu duzue ez duzuela negoziatuko oraingoz. Zergatik?

Hitzarmen berria proposamenaren parte zen: eskaintza horretan enplegu, inbertsio eta soldatak igotzeko konpromiso batzuk aipatzen zituen enpresak, datozen bi urteetarako, planten etorkizuna bermatuko zutenak. Baina berme horiek ez dira lan itunean sinatutakoak; beraz, 2018an sinatu genuen hitzarmenaren alde egiten jarraitzen dugu. Urte amaieran iraungiko da, eta, zerbait negoziatu behar dela ikusiz gero, dagokionean negoziatuko dugu.

Enpresak esan du grebari eusteak «ondorio atzeraezinak» izan ditzakeela Laudioko eta Amurrioko plantetan. Zer duzue horren inguruan esateko?

Enpresari galdetu beharko litzaioke aurrena, planta horien etorkizuna beraiek jarri dutelako zalantzan, fabrika horietarako industria plan baten aldeko apustua egin ez dutelako, edo langile batzordea krisiari erantzuteko behin-behineko neurriak negoziatzeko prest egon arren enplegu erregulazioa aurkeztu dutelako. Bazekiten irmo erantzungo geniela, eta hala izaten ari da. Konponbidea haien eskuetan dago: kaleratutako langile guztiak berriz onartzen badituzte, bihar bertan joango gara lanera, eta fabrikak ez dira itxiko.

Ekainaren 20an eta 21ean epaituko dira erregulazioaren aurka jarritako helegiteak. Auzitegiek jarriko diote azken puntua gatazka honi? Izan diren aurrekariekin, zer espero duzue?

Tira, beste pauso bat besterik ez da hori; ez da ezeren amaiera. Bide judiziala da gauza bat, eta epaiketak hor daude; ikusiko da zer geratzen den. Baina badago beste bide bat, beste pauso bat, eta hori arlo sindikalarena da: grebarekin jarraitzen dugu, 112 egun daramatzagu dagoeneko [atzo], eta hori ere gatazka hau konpontzeko beste bide bat da.

Ehun egun baino gehiago daramatzazue greban. Zer aldarterekin zaudete?

Luze egiten ari da, eta gogorra. Baina bat eginda gaude langileak eta langile batzordea. Animoz justu dabilenari albokoak laguntzen dio, eta horri esker ari gara eusten. Sindikatuen eta langileen elkartasunak aurrera egiten laguntzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.