Klima larrialdia. Protestak

Erantzun globalizatua larrialdiari

Kontinente guztietako 150 herrialdetan baino gehiagotan mobilizatu dira ikasleak, gizarteari eta agintariei eskatzeko sendotu dezatela klimarekin duten konpromisoa

Mundua irudikatzen duen bola bat erre zuten manifestariek. NICOLA MARFISI / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Arazo globalek erantzun globalak eskatzen dituzte. Hori zen klima aldaketaren aurkako gazte mugimenduek atzo zabaldu nahi zuten mezu nagusietako bat, eta heldu zen bost kontinenteetara. Global Climate Strike webguneak publikatutako mapa baten arabera, 150 baino gehiago izan ziren klimaren aldeko grebara gehitu ziren herrialdeak. Errepikatu egin ziren antzeko leloak zituzten pankartak hainbat hiritan: Ez dugu B planetarik, Zertarako ikasi, ondoren mundurik ez balitz?, Mundua bankua balitz, honezkero erreskatatu zenuten eta abar.

Eguna argitzearekin batera, Asian eta Ozeanian hasi ziren lehen mobilizazioak. Zeelanda Berrikoak nabarmendu ziren: antolatzaileen arabera, 170.000 pertsona irten ziren kalera 40 hiritan. Hego Korean ere milaka izan ziren Seulen bildu ziren ikasleak; gobernuari klima aldaketaren aurkako konpromiso sendoagoak eskatu zizkioten.

Jarraian, Europak eta Afrikak erantzun zioten greba deialdiari. Europako herrialde gehienetan masiboak izan ziren ekintzak; besteak beste, Herbehereetan, Suedian, Alemanian eta Suitzan—atxilotuak izan ziren han—. Italian, Hezkuntza ministroak greba babesteko deia egin zien ikasleei, eta erantzun aparta jaso zuen. Espainian, berriz, bi milioi pertsonak hartu zuten parte, Ikasleen Sindikatuak esan zuenez. Afrikan egindako protesten irudiak ere zabaldu ziren sareetan: Boli Kostan, Ghanan, Nigerian...

Azkenik, Amerikak hartu zuen erreleboa. Klima larrialdiaren inguruko eztabaiden erdigunea izan da New York (AEB) aste honetan, NBEk han egin zuen gailurra dela eta. Han izan zen mobilizazioen ikur bilakatu den Greta Thunberg gazte suediarra; atzo, mobilizazioak itxi zituen Kanadako protestan hartu zuen parte Fridays For Future mugimenduaren sortzaileak. Lehenago, Mexikon, Txilen, Argentinan eta Kolonbian entzun ziren ikasle gazteen oihuak, beste hainbaten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.