Koronabirusa

Zizta hartzeko bidezidorra, traba eta korapilo gabea

Atzotik, aldez aurretik ordua hartu gabe ere jar daiteke COVID-19aren kontrako txertoa Nafarroan. Zenbait herritarrek baliatu dute dagoeneko horretarako aukera. «Eskerturik» atera dira txertaketa gunetik, zizta besoan.

Erizain bat gazte bati txertoa jartzen, atzo, Foremen egoitzan. I. ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Aranguren
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Gobernuak argiki adierazi zuen astelehenean zabaldutako oharrean: aurretik ordua hartu beharrik gabe txertatu nahi dutenek Foremek Arangurenen (Nafarroa) duen egoitzan izanen dute horretarako aukera. Ordutegia ere zehaztu zuten: 08:30etik 19:00etara, irekita. Izan da ustekaberik, ordea. «Bistan da baten batek ez ziola orduari ongiegi erreparatu», kontatu du Carlota Barrena erizain laguntzaileak barre artean. Ateak zabaldu baino are lehenago agertu dira herritarrak txertoa hartu nahian. «Irrikan zeuden», aitortu du. «Ez al ziren dosiak bukatuko ziren beldur izanen?» galde egin dio txertaketa gunean den Endika Legarra gazteak. Ezetz erantzun dio Barrenak, irribarrez. Lanak lan, egun lasaiak espero dituzte datozen asteetan.

Herritarrak tantaka azaldu dira txertaketa gunera. Dena dela, Pili Sola Sara COVID Unitateko Ataleko koordinatzaileak onartu du «uste baino gehiago» direla; izan ere, txertoa har dezaketen gehienek urratsa egina dute jada, eta ez zuten espero jende askorik. Aukera berriak hutsuneak betetzeko balioko du, baita bere garaian txertoa hartzeari uko egin ziotenek orain atzera egiteko aukera izateko ere. «Ez dira gutxi pandemiaren bosgarren olatuan iritzia aldatu dutenak. Horrelakoak ere etorri dira», esan du Sola Sarak.

Eraikinera iritsi, eta kasik ilaran itxaron beharrik gabe egin dute prozesua herritarrek. Aski da nortasun agiria edo osasun txartela erakustea. Ohartzerako, hartua dute zizta, eta protokoloak zehaztua duen ordu laurdeneko itxaronaldia egitea besterik ez zaie falta. Hain zuzen, minutu horiek noiz bukatuko zain dago Jon Asiain Txokarro iruindarra. Udan egin dituen bidaiak tarteko, azken asteotan ezinezko izan zaio ordua hartzea; orain arte. «Atzo bertan [herenegun] jakin nuen hau egin nezakeela, eta, aizu, primeran!».

Zalantzak uxatzeko astia

Halako batean, ahots zoli bat aditu da korridorean barrena: «Modernarena jarriko didate?». 12 urteko Naira Coronelenak dira hitzak; Beatriz Aguado amarekin joan da txertoa hartzera. «Dudak izan ditugu, alabak hainbat alergia dituelako, baina hementxe gara azkenean. Besteengatik ere egiten dugu, gainerakoak babesteko», onartu du Aguadok. Hein batean, medikuak animatuta erabaki dute zizta jartzea, eta Coronel pozik da: «Ni desiotan nintzen txertoa jartzeko; orain, lasaiago ibiliko naiz». Biek azaldu dutenez, badakite hainbat direla dudatan ibili baina azkenean urratsa egitea erabaki dutenak. Korapilatu gabe lortu dute txertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.