Arzalluzek babesa emango dio Azkoitiko Sareri, bihar

Enekoitz Esnaola -

2014ko abenduak 19
Xabier Arzalluzek 1999an eman zion sostengua lehen aldiz urtarril hasieran euskal presoen eskubideen alde egiten den manifestazioari. Bihar, berriz, Azkoitiko Sareren aurkezpen ekitaldian izango da. Herriko plataformak urtarrilaren 10eko mobilizaziorako dei egingo du, besteak beste.

1999an, urtarrilaren 9an izan zen mobilizazioa, Bilbon, EAJ, HB, EA, AB, IU-Ezker Batua, Zutik eta Batzarrek deituta. Lizarra-Garazi garaia zen. Martxa bi aste lehenago iragarri zuten, abenduaren 24an, Bilboko prentsaurreko batean. Mobilizazioko leloa: Euskal presoen eskubideen alde.

Beste preso klase batzuek bestelako tratua jasotzen zuten: abenduaren 24 hartako egunkariek zekarten gobernuak indultua emanda egun hartan aterako zirela kartzelatik Rafael Vera Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkari ohi eta Jose Barrionuevo Barne ministro izandakoa. Hiru hilabete zeramatzaten preso, Segundo Mareyren bahiketaren auziagatik —Gorenak hamarna urteko zigorra ezarri zien—.

Arzalluz EAJren EBBko orduko burua izan zen 1999ko manifestazioan pankartari eutsi ziotenetako bat. Ondoan izan zituen, besteak beste, Carlos Garaikoetxea (EA) eta Arnaldo Otegi (HB). Ehun mila lagun pasa bildu ziren. Hedabideen aurrean mintzatu zen Arzalluz, egoera salatzeko: «Bakea lortzea dugu helburu, eta lortu egingo dugu. Kartzeletan hainbeste urtetan dagoen egoera ari gara salatzen, kalera aterata».

Bihar Azkoitiko Sareri atxikimendua adieraziko dioten beste batzuk dira Felix Azurmendi herriko erretore eta Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain zenean haren ondoko izana, Ramon Unanue (EAJ) eta Pello Bastarrika (Bildu) alkate ohiak, eta Jokin Errasti pilotari ohia. Elkargunen izango da ekitaldia (11:30), jende ororentzat irekia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna