Maiak goraipatu egin du udalak «ez-sanferminetan» eginiko lana

Herritarren eta ostalarien portaera «eredugarria» izan dela esan du. Polizien lana txalotu du

Iruñeko udaletxeko argazkia, bertan behera utzitako jaiak oritarazteko ikurrarekin jantzia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Domina jarri du. Sanferminak bertan behera gelditu arren, hedabideen aitzinera azaldu da Iruñeko alkate Enrique Maia; zertarako, eta ospatu ez diren festen balorazioa egiteko. Bere udal taldearen kudeaketa goraipatu du, gainera: «Badugu harro sentitzeko motiborik». Besteak beste, txalotu egin ditu udalak egunotan aplikatutako neurriak, Poliziaren presentzia eta komunikazio kanpaina.

Alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, ostalariei, hedabideei eta Espainiako Gobernuko ordezkariari: «Mundua Iruñeari begira egon da egunotan, eta Iruñeak nota bikainarekin gainditu du azterketa». Herritarren eta ostalarien portaera, zehazki, «eredugarria» izan dela nabarmendu du Maiak: «Ostatu eta taberna gehienek arduraz jokatu dute, beren interes ekonomikoen gainetik ere, eta oso harro nago, apenas izan baitugu arazorik». COVID-19aren agerraldiez, berriz, garrantzia kendu die alkateak, datuak «beste hirien parekoak» direlako.

Polizien arteko «koordinazioaz» ere hitz egin du Navarra Sumako eledunak. Azaldu duenez, berrehun poliziako baino gehiagoko lantaldea osatu zuten Iruñeko Udaltzaingoak, Espainiako Poliziak, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak. Poliziaren gehiegizko presentziaz galdetuta, Maiak erantzun du «neurrizkoa» izan zela, «arrisku guztiak aintzat hartuta diseinatua».

Euskararen lekuaz

Uztailaren 6aren aurretik, Iruñeko Udalak Biziko Ditugu izeneko kanpaina abiatu zuen, herritarrei gogorarazteko 2020ko sanferminak bertan behera geldituak zirela, eta arduraz joka zezaten eskatzeko. Kanpaina horrek sare sozialetan izandako arrakasta azpimarratu du Maiak. Hori dela eta, udalak erabaki du Gazteluko plazan paratutako kartel erraldoia («Los viviremos» irakur daiteke letra handitan, erdara hutsean) ez kentzea, eta uda osoan ikusgai uztea, «jendeak aukera izan dezan argazkiak egiteko».

Kanpaina hori, hain zuzen, polemika iturri izan da egunotan, euskarari emandako tratuarengatik. Izan ere, gaztelaniari lehentasuna eman dio udalak mezu eta euskarri guztietan, euskara ingelesaren eta frantsesaren pare utzita: beherago eta ia irakurgaitzak diren letra txikietan idatzita. Auzi horretaz galdetuta, Maiak ukatu du euskara «mespretxuz» tratatu dutenik: «Euskararena ez da mespretxu edo maitasun terminoetan neurtu behar. Nire ustez, euskararen ordenantza betetzen du kanpainak, baina, norbaitek kontrakoa uste badu, azaldu dezala zergatik, eta aztertuko dugu». Hain zuzen, Navarra Sumak eta PSNk aurten onartutako Euskararen Ordenantzaren bigarren xedapen gehigarriak zera dio: «Euskarak eta gaztelaniak presentzia bera izango dute Iruñeko Udalaren eskumeneko hizkuntza paisaian, eta, beraz, bi hizkuntzetan berdin-berdinak izango dira kale izenen plakak, seinaleak, kartelak eta aipatutako hizkuntza paisaia osatzen duten gainerako elementuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.