Ospitalea, autonomia bila

2013an hitzarmen bat izenpetu zen Maule eta Olueko ospitaleetan zuzendaritza komuna ezartzeko, baina mediku koordinatzailearen dimisioak desadostasunak azaleratu ditu.

Mauleko ospitalea berritzeko lanak ondoko asteetan hastekoak dira. HITZA.
Joanes Etxebarria.
Maule
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mauleko ospitalea zahartzen hasia zelako eta, segurtasun arauak betetzeko prestatu zen 2017-2024ko plana, eraikin berean diren zahar etxea eta ospitalea zaharberritzeko. Medikuntza zerbitzuan, bi estaietara hedatuz arta eskaintza zabalagoa pentsatua zen. Zahar etxeko lanak bukatzekotan eta ospitalekoak hastekotan direlarik, aldiz, zuzendaritzak proiektua aldatu du; Christian de Gaye mediku koordinatzailearen dimisioa eragin du horrek, eta ezinegon zaharrago bat azaleratu.

2013. urtean aldatu zen erietxearen kudeaketa, zuzendaria atzemateko zailtasunek eraginik. Hitzarmen bat egin zen Olueko ospitalearekin (Biarno), zuzendaritza komunak ziurta zezan Maulekoa kudeatzeko zuzendari bat izatea, Oluetik igorria. Baina lekuko langileekin komunikazio arazoak ziren. Obren xedea aldatzeko arrazoietan, defizit baten berri eman du zuzendaritzak; Mauleko osasun langileek eta hautetsiek ez zuten horren berririk lehenago. Orain, zuzendaritza komuna bera dudan ezarria da.

Erietxe zaharkitua berritzeko ideian, medikuntza zerbitzuan, bi estai pentsatuak ziren: bat, medikuntza zerbitzurako, eta bestea, jarraipen eta ahalmen-berreskurapen zerbitzurako, apartamentu terapeutiko batekin. Bestalde, gela gehienak ohe bakarrekoak izan behar ziren, bi salbu, eta proiektuaren bertsio berrian denak bikoitzak izanen lirateke. Frederic Lecerne Olueko ospitaleko zuzendariak finantza arazoak aipatu ditu hastapeneko xedea murriztu izana esplikatzeko: «Obrei gehitu emendakin batzuk ez dira finantzatzen ahal: ospitalean ez da dirurik horretarako». 2024ari begira egin kalkuluetan, zazpi milioi euroko defizita aitzin ikusten du Maule eta Olueko zuzendariak, orain arte «dena ontsa» zihoan arren Christian de Gaye medikuaren erranetan.

Oluetik urruntzen

Eskualdeko Osasun Agentzia argiki mintzatu da azken urteetako zuzendaritza komunaren alde, departamenduko zuzendari Maritxu Blanzacoren ahotik: «Maule Olueko dispositiboan sartu zen bakarrik ezin zuelako. Ez zen gehiago zuzendaririk, eta nehork ez zuen bere burua aurkezten. Autonomian, buxet aldetik, ezin luke aitzina jo». Onartzen du, halere, satisfaziorik ez izateak «egiatik zerbait» ukan behar duela. Bere egiturak «batzuen eta besteen nahiari» kasu eginen diela hitzeman du, lurraldearentzat «onena» kausitzeko.

Mauleko ospitalea Olueren menpekotasunetik ateratzeko gaitasuna duen egitura erietxeko zaintza batzordea da, bederatzi pertsonaz osatua; batzordeburua, Louis Labadot Mauleko auzapeza, arrunt autonomiara itzultzearen aldekoa da, horretarako Oluerekin den partaidetza gelditu behar bada ere: «Zuzendaritza komuna gelditzea arrisku bat da, arrisku neurtua, baina uste dut hartu behar dela. Orain bozkatzen bagenu, gehiengoak horren alde bozka lezake, nire ustez».

Erabakirik ez dute hartu oraindik, baina lantalde bat gogoetan ari da. Labadot bezala, ospitaleko zaintza batzordeko kide da Michel Ibarra Ezpeizeko auzapeza ere, Euskal Elkargoko ordezkari gisa. Haren ustez, informazioa eskas da trenkatu ahal izateko: «Datuak eskas ditugu. Autonomia zergatik ez? Baina zer dirurekin? Zaila da mintzatzea jakin gabe».

Ospitalearen egungo finantza zehatzak eskas dituzte; Olueko zuzendariari eskatu dizkiote, heldu den bilkuran aztertzeko. Halere, obren tamaina aldatzeak duda sortu dio Ibarrari: «Ez dut ulertzen nola abiatu diren tamaina horretako obrak eta gero gibel egin. Zergatik xahutu da dirua gero xede tipiago batera bideratzeko?». Bildu dituzten datu batzuen arabera, kudeaketa arazo gehiago ere agertu dira. Labadot: «Iduri luke Mauletik pagatzen direla Olueko langile batzuk, baina ez dugu oraino konfirmaziorik».

Baiona begi bistan

Dimisioa aurkeztu arte ospitaleko mediku koordinatzaile zenak, Christian de Gayek, ahobizarrik gabe dio ospitaleko langile gehienek nahiago dutela Oluerekin baino Donapaleu eta Baionako ospitaleekin lan egin. Oraingoz, ez da eztabaidagai ere zaintza batzordean: Olueren zuzendaritzapean segitu ala ez deliberatzera mugatuko dira. Baina gero joanen da galdera. Eskualdeko Osasun Agentziak, bederen, hala eskatzen du. Maritxu Blanzaco: «Maulek beste erietxe batekin segitu nahi badu, ez dugu gauza handirik errateko. Aldiz, autonomia ez zaigu bideragarria iduri, eta gaurko konfigurazioan ez luke izaterik».

Michel Ibarrak ez du iritzirik jakinarazi nahi bere izenean edo Euskal Elkargoaren izenean, «Baionako ospitalearen iritzirik ere ez baita kontsultatu oraino». Gainera, azpimarratu du elkargoak ez duela eskumenik ospitaleen kudeaketan aritzeko. Beste lan bilkura bat ukanen dute eskuratuko dituzten informazioak partekatzeko, eta ospitaleko zaintza batzordea berriz bilduko da martxoaren 3an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.