Albistea entzun

EB eta gasa: mugak hautsi, mugak jartzeko

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko irailak 7

Hainbat hilabetez «ez, ez eta ez» esan ondoren, baiezkoaren aldeko iritzia hedatzen ari da Europako Batasunean. Baiezkoa energia merkatuetan modu zuzenean esku hartzeari, gasaren eta argindarraren prezioa merkatu ahal izateko. Gaur dute bilera gobernuetako teknikariek eta etzi izango da Energia ministroen txanda. Mahai gainean duten neurrietako bat bete-betean doa EBk bere buruari jarri izan dion muga batekin: merkatuak bakean utzi. Izan ere, gasari gehienezko prezio bat ematea aztertzen ari dira. Iberiar penintsularekin ekainean egindako salbuespena zabal daiteke, kontuan hartuta han beste lekuetan baino gutxiago igo direla argindarraren prezioak.

Gasaren prezioa zehazki nola mugatuko duten da ikusi beharrekoa. Bi proposamen daude mahai gainean, prentsak aurreratutako zirriborro batek erakusten duenez. Lehen aukera da soilik Errusiatik iristen den gasari jartzea gehienezko muga. Joan den astetik itxita dago Nord Stream 1, baina irekita daudenetatik ez ezik —South Stream eta Ukrainakoak—, itsasontziz ere iristen da Errusiako gasa EBra, baita Bilboko portura ere. Bruselak nabarmendu duenez, halako neurri batek badu arrisku bat: Errusiak gasaren iturri guztiak ixtea. Kasu horretan, EBko herrialde batzuetan gas eskasia izan daiteke hilabete gutxi barru, nahiz eta ongi doan gas biltegiak betetzeko asmoa: %80 beteta zeuden abuztu amaierarako, uste baino bi hilabete lehenago.

Bigarren aukera da EB bi zatitan banatzea: «gorrietan» gehienezko muga bat izango litzateke eta ez, ordea, berdeetan. Azken horiek hornituko lituzkete gorriak, behar izatekotan.

Erreferentziazko merkatua

Mahai gainean dagoen beste aukera bat da gasaren prezioa finkatzen duten tresnak aldatzea. Europan, Herbehereetako TTF da erreferentziazko merkatua gasaren salneurriari dagokionez, batez ere epe luzeko kontratuetan. Hainbat urtez bare egon da merkatua, eta iazko uda prezio txikiarekin hasi zuen gasak: hogeiren bat euro megawatt-ordua. Baina orduan berpiztu zen kontsumoa, eta horrekin hasi zuen goranzko joera —eta harekin batera argindar prezioarena, EBko merkatu marginalistan energia iturri garestienak, gasak kasu gehienetan, finkatzen duelako beste iturriei pagatu beharrekoa ere—. Orduan kezka handia sortu zuten prezioak huskeria dira oraingoen aldean, ordea: 50 euroren langa ez zuen abendura arte hautsi. Baina Errusiak Ukraina inbaditu izanak goranzko joera izugarri bizkortu zuen, batez ere EBk erabaki zuenean bere gas hornitzaile nagusia zigortu behar zuela.

Azken asteetan 200 eurotik gorako prezioa ohiko bilakatu da, eta abuztu amaieran 346 eurora ere iritsi zen, EBk negua pasatzeko nahiko gas izango ez zuen beldurra bere gorenera iritsi zenean. EBk energia merkatuetan esku hartuko zuela iragarri izanak balio izan du goreneko prezio horiek atzean uzteko, baina astelehenean berriro egin zuten jauzi, Errusiak baieztatu zuenean ez duela Nord Stream 1 gasbidea berriro irekiko haren aurkako zigorrek iraun bitartean.

EBko arduradunek aztertuko duten aukeren artean dago TTF ofizialki gainbegiratzea, han gertatzen den espekulazioa eteteko, eta beste indize egonkorrago bat sortzea. Azken aukera bat ere badago: JKM Asiako indizea erabiltzea. GNL gas natural likidotuaren prezioa da JKMren oinarria eta hori ari da bilakatzen Europa hornitzeko garrantzitsuena. GNL hori erosteko lehia handia dago orain Europaren eta Asiaren artean, baina Europak horretan badu abantaila bat: gertuago dago hornitzaile handi batzuetatik, hala nola AEBetatik eta Nigeriatik.

Zerga bakar bat

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak azaldu du argindar eskaria txikitzeko eta kontsumitzaile hauskorrenak laguntzeko neurriak proposatuko dituztela.

Energia konpainiak lortzen ari diren aparteko irabaziak EB osoan zergapetzeko sistema bat ere aztergai egon daiteke. Astelehenean hori egitea proposatu zuten Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere alde azaldu da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. ©DANIELA BRIK / EFE

Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

Iñaut Matauko Rada

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.
Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoa, zorraren mugari buruz negoziatzen. ©Yuri Gripas / Efe

Zorraren mugaren ituna, AEBetako Kongresuko kideen esku

Iker Aranburu

Joe Bidenek eta errepublikanoek asteburuan lortu dute akordioa AEBek bere zorra handitu ahal izateko, eta orain beren alderdikide askoren uzkurtasuna gainditu behar dute

Michelinen Gasteizko fabrikaren ataria, artxiboko irudian. ©Raul Bogajo/Foku

Michelinen Gasteizko lantegiko greba egunak atzeratu dituzte

Aitor Biain

Ekainaren 5ean, 7an, 10ean eta 12an izango dira. Bihar elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte.

Finantza alorreko irakasgaiak hautazkoak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. ©BERRIA

FINANTZAK: MILA BIDER GALDERA

Maddi Iztueta Olano

Ebakia hamar zentimo garestitu da, interes tasek gora egin dute, eta ireki da errenta aitorpena egiteko epea. Hala diote egunkarietan, eta, zalantzak, airean. Adituen arabera, asko dago ikasteko finantzen inguruan, eta arrisku handia dakarte itsu-itsuan hartzen diren erabaki ekonomikoek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...