Pastor
DARWIN ETA GU

'Básicamente'

2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bolo-bolo dabil esamoldea. Edonon: «Nik, básicamente, honela egingo nuke...»; «hori, básicamente...». Joera ingelesetik etor litekeela azaldu dit markinar batek —«basically, you know?», «yes, I know»— baina espainolez sartu zaigu. Espainolaren bitartekaritza behar dugu komunikatzeko.

Duela urte batzuk «es lo que hay» esaten genuen. Gero, «sin másss» hura etorri zen. Orain, básicamente dugu. Batzuek hizkuntzaren muin garbiaren prostituziotzat jotzen dute fenomenoa. Ez dakit hala den, baina kontu bat argi daukat: ingelesa edo espainola lehen hizkuntza duen eta euskaraz ikasi duen pertsona batek ez du «funtsean» esaten ingelesez edo espainolez ari denean. Básicamente, horixe da errealitatea. Básicamente, básicamente maite dugu.

Hizkuntzaren prostituzioa ez, emakumeena du gaitzat Francesc Serés idazleak Mossegar la poma lanean Sagarrari kosk egin bildutako ipuin batek. Aita-semeak autoan doaz, Lleidatik bueltan. Gau lainotsua da, baina gizonak eta umeak Toniren kamioia ezagutu dute aurrean. Gasolindegi bat pasatu, eta emakume ilara bat ikusi dute hegalean. Tonik kamioia gelditu, eta atea ireki du. Neska bat igo da. Isiltasuna autoan. Haurrak ezer esan baino lehen, aita aurreratu zaio: «Honetaz, hitzik ez. Inori ere ez».

Angel ikaskidearen aita da Toni. Familia gizona, atsegina. Baina sekretu bat du: gogoko du aluak alokatzea, ezkutuko gozamena lortzeko. Ipuineko sexu tratua benetakoa izan balitz, orain eta Gavá herrian, bestelakoak izan zitezkeen ondorioak. Izan ere, prostitutekin sexu harremanak dituztenak zigortzea onartu dute Bartzelonako herri horretan. Nola? Harrapatuz gero, bezeroari isuna jarriz. Alta, han ordaindu beharrean, etxera bidaliko diete papera.

Egokia izango litzateke ostegunean Bizkaian itxitako putetxe edo lokaletako bezeroak zigortu eta isunak haien etxeetara bidaltzea? Trafiko isunak bai, baina beste horiek... argudiatuko dute. Gainera, prostituzioa beti egon da eta egon egingo da. Mafia barik, soilik bi lagunen arteko akordio libre bat badago... Ados, pentsatzen dut. Baina gero neure buruari galdetzen diot zergatik hori argudiatzen duten batzuek ez duten halako eskuzabaltasunez jokatzen beste hainbat arlotan. Beti egon da zapalkuntza edo esplotazioa. Eta egon egingo da, zoritxarrez. Orduan, zergatik egin horren aurka? Nik lagun baten enpresan lan egin nahi badut, hamabi orduz egunero, soilik platerkada bat dilistaren truke, zergatik debekatuko dit Estatuak? Eta lana kateatuta egiten badut, básicamente joera masokistak ditudalako, zein da arazoa? Zalantza sortzen zait zenbait ustezko erabaki libre soil-solik emakumezkoei dagozkien eskubideen eremuan errespetatzen direla ikusita. Eta zalantza hori susmo bihurtzen da orduan. Ez da moralkeria. Niri dagokidanez, bazterrez bazter ibil zaitezke txortan egiten, egun-argiz. Ni ez zipriztindu, metaforikoki eta ez-metaforikoki esanda, eta kito. Baina bestela...

Ertz asko ditu prostituzioak. Alde bateko zein besteko protagonistak uste baino hurbilago ditugu, ez pentsa. Kajsa Ekis Ekman idazle suediarrak gaia jorratu du. Bere lan batean Bartzelonako gizon baten esperientzia jaso du. Ezkondu baino aste batzuk lehenago autoa gelditu zuen kale batean, han zegoen prostituta hartu eta harekin larrutan egiteko. A quick fuck. Arin-arin egin, eta etxera. Kotxeko argia piztu zuenean, ezustekoa eman zioten elkarri: prostituta emaztegaiaren ahizpa zen. Puteroa, etorkizuneko koinatua. Isilik begiratu zioten elkarri, une batez. Gero, autotik irten zen neska. Bietako inork ez zien deus esan beste senideei.

Antzeko sorpresa batek, ez hain larria, jo zuen institutuko lagun bat, Bilboko lokal ilun horietako batean. Eskaileretan gora zihoala, jaisten ari zen figura batekin egin zuen topo. Hura sorpresa. «Ez esan ezer zure amari», esan zion gizonak. Nerabeak kasu egin zion. Sekretuari eutsi zioten biek. Betirako. Zein zen arazoa? Básicamente, hauxe: mutil gaztearen ama mutilzaharraren arreba zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.